GARA
LAZKAO

Inauteriak bailiran pasako dute jaietako bigarren eguna lazkaotarrek

Mozorro Eguna dute gaur lazkaotarrek San Prudentzio jaietako bigarren egunean. Horregatik, kuadrillak mozorrotuta aterako dira kalera eguerditik aurrera. Jaietan mozorrotzea oso ohikoa da Goierriko herrietan.

Herrian zehar desfilea egingo dute 12.00etan mozorroa daramaten guztiek, Jundako txarangaz lagundurik. Arratsaldean aukeratuko dute zeintzuk diren mozorrorik onenak eta sariak banatuko dituzte (19.00etan, plazan). Ondoren kale animazioa egongo da Granujas a Todo Ritmo taldearen eskutik eta gauean kontzertuak plazan. 22.30ean Enkorek joko du eta 24.00etan Soupakandya Reagge Band-ek. Tartean haurrentzako ekitaldiak ere izango dira: 17.30ean karaoke ibiltaria hasiko da eta 20.00etan haur berbena izango da Lazkao Txiki plazan Standa Band taldearekin.

Atzo hasitako festek maiatzaren 1era arte iraungo dute. Bihar XII. San Prudentzio Jaietako Artisau Azoka egingo dute goizean zehar eta arratsaldean haurren danborrada aterako da. Bi egunetako etenaldi bat egingo dute ondoren, asteazkenean berriro jaiei indartsu berrekiteko.

Hori horrela, helduen danborrada asteazkenean izango da; ostegunean dianarekin hasiko dute eguna, eta, prozesio eta mezaren ostean, udal ordezkariek soka dantza egingo dute; ostiralean haur parkea, pilota partiduak eta sardina jana izango dira; larunbatean Kuadrillen Eguna; eta igandean festen amaiera Golden Apple Quartet taldearen emanaldiarekin.