Maider IANTZI

BASERRITAR TXIKIENTZAKO LABORATEGIA, BULTZADAREN ZAIN

Nekazaritza eredu horizontal, dibertsifikatu eta jasangarriaren aldeko apustua egiten du Zaldibiako eraldatze guneak, esplotazio txikiei aukera emanez. Proiektua amaituta dago, azpiegitura guztia prest, Gipuzkoako Aldundiak eman beharreko babesaren esperoan.

Zaldibiako eraldatze gunea esplotazio txikientzako aukera izatea nahi dute, laborategi gisa erabiltzeko espazioa. Esnekiak, eztia, sagarra eta era guztietako barazkiak transformatzeko instalazio egokiak prest dituzte jada. Baina ezin oraindik erabili, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere partea bete behar du-eta: kudeaketa plana martxan jarri eta langile bat kontratatu. Bitartean, esperoan daude baserritarrak, nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak eta kontsumo taldeak, proiektua noiz jarriko den martxan galdezka. Zain dago Zaldibiako Udala ere.

Hala adierazi diote GARAri Joxean Etxabe alkateak eta Unai Beloki eta Eztitxu Mujika Ingurumeneko zinegotziek. Esplikatu dutenez, aitzineko Aldundiak, Goimen elkarteak (Goierriko landa eremuaren alde lan egiten duena) eta Zaldibiako Udalak sinatutako hitzarmen batean du jatorria egitasmoak. Goizane eraikinean kokatua dago, paraje ikusgarrian, Txindokiren magalean, Aralarko Parke Naturalean. Eraikuntza Udalarena da; kudeaketa, berriz, Goimenek darama. Egitasmoa burutzeko 472.404,87 euro eman zizkion Diputazioak Udalari, eta honek konpromisoa hartu zuen diru laguntza horrekin esleipenak egin eta proiektua aurrera eramateko. 2013an sortu zen ideia, 2014an garatu, 2015ean egiten hasi, eta aurten amaitu.

Egitasmoa erabat bukatuta dago. Aldundiak konpromisoak betetzea falta da. Berari dagokio kudeaketa plana martxan jarri eta langile bat kontratatzea makinaria zaindu, erabilera antolatu eta zerbitzua eskaintzeko. «Baina gaurko Diputazioak buruhauste gisa hartzen du proiektua eta esaten digu ez duela beharrik ikusten», adierazi du alkateak.

Aukera aunitzeko zerbitzu publikoa

Azaldu duenez, ongi funtzionatzeko lanketa handia egin behar da eraldatze gunetik kanpo, baserritar txikiei komunikatuz zer zerbitzu ematen den bertan, animatu eta etor daitezen. Adibidez, sagarrarekin muztioa eta sagar-gozokia egin dezakete.

Osasun erregistroa behar da produktuak merkaturatzeko eta horren ardura zeinek hartu behar duen zehazteke dago. Basherri Gipuzkoako kontsumo taldeen elkarteko Gorka Sasietak honen garrantzia azpimarratu du, erregistroa lortzeko baldintzak zorrotzak izaten baitira eta sarri ez baita bideragarria baserritar batentzat bere kasa halako proiektu batean sartzea. Eraldatze gunean, taldean funtzionatuz, instalazio egokiekin, errazagoa da helburu hori betetzea. Ematen duen bertze aukera bat, Sasietaren arabera, baratzeetan momentu zehatzetan izaten diren soberakinak aprobetxatzea da, marmeladak eta pureak eginez.

«Proiektua oso positibotzat jotzen dugu baserritar xumeari zuzendua dagoelako eta baserriari funtzioa ematen diolako lau txerri edo oilo batzuk jarrita», nabarmendu du Etxabek. Gazteentzat ere egokia izan daitekeela erantsi du Mujikak, produktua bideratu eta zertara iritsi nahi duen jakin arte. Errate baterako, jendeak badu ohitura jogurtari eztia botatzeko; zergatik ez merkaturatu jogurta bere eztia gainean duela pote berean? Halako esperimentu txikiak egiteko lekua izanen litzateke.

Bertze adibide bat: erlezaintzan ibiltzen den jende aunitzek bertze zerbaitetan lan egiten du eta afizioz erle ontzi batzuk ditu bere baserri inguruan. Propoliak propietate pila bat ditu eta hori egiteko makinaria dezentea behar da. Guneak horretarako azpiegitura ematen du.

Proiektua sortu zenean, sare bat osatu nahi zen Gipuzkoan, Mutrikun eta Lezon bertze bi eraldatze gune eginez. Baina Zaldibiakoak soilik segitzen du aitzinera. Sektorean eskaera dagoela ikusten du Udalak eta «bai ala bai» erantzunen dio. Beharren arabera zabaltzen joatea da ideia. Lurralde osoari zerbitzu publikoa ematea du xede. Gurpila bultzatu nahi dute eta gero bera bakarrik joan dadila bueltaka-bueltaka.