GARA
DONOSTIA

Material berriek jendartean duten inpaktua aztertzen ari da Jakiunde

Euskal Herria aitzindaria da material berrien eta konbentzionalen garapen teknologikoan. Horren adibide dira burdina, altzairua eta plastikoa. Baina egungo jendarte globalizatuak lidergoari eusteko erronka jarri digu aurrean; horri heldu diote Jakiunderen jardunaldian.

Zientzien, Arteen eta Letren Akademiak, Jakiundek, “Material berrien iraultza” jardunaldia hasi zuen atzo, material hauek gure jendartean sortzen duten inpaktu ekonomiko, sozial, zientifiko eta teknologikoa ikertzeko asmoz. Jakiundeko kide diren Carmen Mijangosek eta Juan Colmenerok koordinatutako ekitaldia gaian interesa duen pertsona orori zuzendua dago.

Bi eguneko egitaraua eta bi kokaleku ditu ekimenak: atzo Donostiako San Telmo museoan zientzia eta material berriak aztertu zituzten, eta gaur, Legazpiko Chillida Lantokian, Euskal Herriko industria jardueran jarriko dute fokua. Materialen arloan izan diren garapen eta berrikuntzak plazaratzea da asmoa: zeintzuk diren martxan dauden ikerketa ildoak, zein material berri dauden, nola doan garatzen nanoteknologia...

Zein urrats jarraitu

Euskal Herrian zein Estatu espainiarrean dauden erreferentziazko guneetan material berrien ekoizpenean ikerketa ildo desberdinak jorratzen dituzten adituak bildu dituzte, etorkizuneko materialak zeintzuk izango diren jakinarazteko. Mundu globalizatu honetan Euskal Herriak zientzia eta teknologia arlo berezi hauetan aitzindaria izaten jarraitzeko eman beharreko pausoak zeintzuk diren zehazten ere saiatuko dira.

Gaur, 16.30ean da hitzordua Legazpiko Chillida Lantokian. Bertan, materialak eta garraioaren etorkizuna, material konposatuak hegazkinetan, energiarekin lotutako erronkak... izango dituzte mintzagai.

Jardunaldia Erronkak programaren barrenean sartzen da eta programa, aldi berean, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren barruan. Proiektu honetan zenbait hitzaldi eta eztabaida antolatzen dabiltza erronka handien inguruan. “Garunaren zahartzea: erlojupeko lasterketa” izeneko zikloa egin dute, baita “Indarkeria gazte jendean: biktimak ala borreroak?”, “Zein dira XXI. mendeko ekonomia eta ingurumen erronkak?” eta “Musika irakaskuntzaren erronka” jardunaldiak ere.