GARA
ARRIGORRIAGA

Pailazoek Arrigorriaga izango dute topagune ostiraletik aurrera

Arrigorriagan XXI. Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia izango dute ostiraletik igandera. Denera 13 talde izango dira, bereziki familiei zuzendutako 14 ikuskizunez gozatzeko. Hortzmuga taldeak «Femmes» lana estreinatuko du.

Rojo Telon euskal konpainiaren “Soy ellas” ikuskizunarekin hasiko da jaialdiaren egitaraua, zirkuan bizi eta lan egiten duten hiru emakumeren istorioa kontatzen duena. Jaialdiaren lehenengo egun honek emakume sortzailearen lana bultzatzea du helburu, egun horretako proposamenen antzezleak emakume artistak direlako, gehienbat.

Meriko dantzari eta gimnasta japoniarrak “Fire and pole” suarekin egindako dantza muntaketa eskainiko du. Emakume aldarrikatzaileak dira Hortzmuga Teatroaren “Femmes” laneko protagonistak. Estreinakoz ikusiko da. Hamahiru konpainiak osatuko dute programazioa. Tiritirantes taldearen “A su servicio!” lanak emango dio hasiera larunbatari, umorez, zirkuz eta magiaz betetako ikuskizun familiarrarekin.

Arratsaldean, El Gran Dimitrik “Circus rupt” aurkeztuko du. Kataluniako La Bella Tourrek publikoa barre-algaraka ikusi arte amore emango ez duten bi pailazoen lana eskainiko du. Gizon baten eta emakume baten arteko harremana da “Suhde”-ren gai nagusia, Kate & Pasi finlandiarren eskutik.

Kanadatik helduko da Dado Oddball clowna, “Mon oncle le bossu” (Oddball, nire osaba konkorduna). Larunbateko azkenengo proposamena da “Pelat”. Espazio zirkular batean ikusleek pertsona eta enbor baten arteko harremana partekatuko dute. Dantza, antzerkia eta zirkua batzen dituen Joan Catala artistaren ikuskizuna da.

Bost proposamen izango dira igandean. Clown Baret kanariarrek “Blanco sartén” aurkeztuko dute, oreka-jokoz eta malabar irrealez osatutako ikuskizuna. Bi zaldi dira “Trostan” laneko protagonistak, Oihulari Klown taldearen lanekoak.

Ikusleek Wilbur Clown ikusteko aukera izango dute “Piensa en Wilbur” muntaian Alacanteko Victor Ortizek eskainiko dituen akrobazia eta umorearekin. Udaletxeko Plazak Meriko artista hartuko du beste behin ere, oraingo honetan barra-dantza proposamen bat aurkezteko: “Street pole and dance”.

Les Krilati konpainia frantsesak emango dio amaiera jaialdiari “J’arrive” obrarekin.