GARA
DONOSTIA

64. edizioko kartelak topagune gisa irudikatzen du Zinemaldia

Zinemaldia topagune gisa islatzen duen kartelak emango dio irudia irailaren 16tik 24ra bitartean egingo den 64. edizioari. Aurten bada berrikuntzarik, munduko gatazka eta biolentzia egoeren hausnarketa bultzatu nahi duen «The Act of Killing» zikloa.

Zinemaldiaren «topagune» izaera nabarmentzen duen kartela izango da 64. edizioari irudia jarriko diona. Hala azaldu zuen atzo Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak prentsaren aurrean egindako agerraldian. Aurten lehen aldiz, Zinemaldiak deialdia ireki zuen «prestigioko estudioek» euren proposamenak aurkez zitzaten eta, horien artean, Prima estudioko Jorge Eloseguik egindako lana hautatu dute kartel nagusirako. Horrez gainera, aurten irailaren 16tik 24ra bitartean egingo den Zinemaldiaren gainerako sekzioetako kartelak ere aurkeztu zituzten.

Edizioaren aurrerapena

Rebordinosek Sail Ofizialean parte hartuko duten filmetatik hiru hautatuta dituztela azaldu eta beste 30 aztertzen ari direla adierazi zuen. «Maiatz bukaeran edo ekainean hasiko gara filmen eta izenen gaineko zehaztapenak ematen», esan zuen. Aurten jaialdiaren aurrekontua 100.000 euro handitu dela ere adierazi zuen –iaz 7,5 milioi ingurukoa izan zen– eta igoera kontratazioetara eta «urte askoan lehen aldiz langileen soldata %1 igotzera» bideratuko dela iragarri zuen.

Estatuko zinemari dagokionez, edizio honetan «ziur asko» iaz baino titulu gutxiago izango direla aurreikusi zuen: «Bat zehaztua dugu eta beste bi adosteko puntuan gaude. Zinema espainolaren presentzia inportantea da jaialdiarentzat, baita euskal zinemarena ere», nabarmendu zuen.

Donostia Sariei dagokienez, «oraindik» ez daudela itxita esan zuen, eta «egutegi eta filmaketa arrazoiengatik» ekain edo uztail aurretik zehaztea «kasik ezinezkoa» izaten dela ziurtatu zuen. «Hori urteroko kontua da», azaldu zuen, eta «martxan dauden» eragiketen harira edizioari «baikortasunez» begiratzen diola esan zuen.

64. edizioaren berrikuntza nagusia “The Act of Killing: Zinema eta Indarkeria Globala” zikloa izango da. «Esku artean ditugun aukeren arabera, urtero ahal dugun jaialdi indartsuena egiten ahalegintzen gara», esan zuen Rebordinosek, eta Donostia 2016rekin elkarlanean sortutako ziklo honek Hiriburutzaren helburuekin bat egiten duela esan zuen. «Film gogorrak dira, Euskadin, Irlandan edota Palestinan bizi izandako biolentziaz dihardutelako, baita jihadismoaz ere; badakigu ez direla gai atseginak, baina Zinemaldiak ez dio iskin egin nahi munduan gertatzen ari denari», esan zuen.

Zikloan emango diren filmen iragarpenik egin ez bazuen ere, horietariko gehienak «ikuslea hausnarketara eramaten duten maisulanak» direla eta «gatazken gaineko ikuspuntu ezberdinak» ematen dituztela esan zuen. «Jaialdi gehienak bezala, Zinemaldia ere jaialdi nahiko politikoa izaten da, filmek munduan gertatzen ari denaren inguruan hitz egiten digutelako», esan zuen Rebordinosek.

Azkenik, iaz bezala, irekiera eta itxiera galetarako sarrera kopuru mugatu bat ere jada salgai jarri dutela iragarri zuen jaialdiaren zuzendariak. Zinemaldiaren web orrialdearen bidez (www.sansebastianfestival.com) eros daitezke eta Zinemaldia Plazako leihatilan eskuratu, irailaren 11tik aurrera.