GARA
BEASAIN

Haurrak goizean eta helduak gauean, danborra astinduz

Gipuzkoako herri gehienetan bezala, Beasaingo jaietan ere ez da falta danborradarik. Bihar izango da uniformea jantzi eta kalean burrunba ateratzeko eguna. Goizean umeek joko dute eta gauean, berriz, helduek.

12.00etan abiatuko da haurren danborrada Igartza ingurutik. Ordubetez jotzen jardun ostean, konpainia guztiak plazan elkartuko dira eta azken joaldia egingo dute Koskola Txarangarekin, Goizeresi txistulari taldearekin eta Musika Eskolako bandarekin batera.

Helduen danborrada 19.00etan aterako da eta herria berriro danbor hotsez bete ostean, 21.00etan plazan amaituko dute, gainerako musikariek lagundurik hauek ere.

Geldialdia

Danborradak oinez doazen bitartean jo ohi dute, baina iaz ibilbidearen erdian etenaldi bat egitea erabaki zuten. Aldaketa horrek arrakasta izan zuenez, aurten ere hala egingo dute; ibilbide erdira iristean, gelditu, eta umeek pare bat pieza joko dituzte. Helduek, ordea, lau kanta eskainiko dituzte.