GARA
IRUÑEA

Euskarazko haur eskolen alde, Iruñean

Jendetza bildu zen atzo Iruñean haur eskolen aferan epaile batek hartutako erabakia salatzeko. Kontseiluak ekainaren 4an antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu zuten.

Ehunka lagun bildu ziren atzo Iruñeko udaletxe aurreko plazan, epaileak haur eskolen aurka hartutako erabakia salatzeko. Bi haur eskolatan euskarazko eredua jartzea erabaki zuten, eta auzitegiak, guraso baten salaketa aintzat hartuz, erabaki hori atzera bota du, euskarazko eskolak erdaldunei «kalte larria» ekarriko liekeela argudiatuta.

Euskalgintzako kideak, alderdietako eta sindikatuetako ordezkariak, gurasoak, haurrak... Askotariko jendea izan da elkarretaratzean. Jai giroan batu dira, eta txaloka eta «haur eskolak euskaraz» oihukatu ostean amaitu da protesta. Era berean, euskararen alde ekainaren 4rako Kontseiluak antolatu duen manifestazioarekin bat egitera deitu zuten.

Epailearen erabakia

Iruñeko Administrazio Auzietarako 2. epaitegiak hartu zuen ostiralean erabakia: euskarazko haur eskolen eskaintzan atzera egiteko agindu dio Iruñeko Udalari, ikasturte berrirako iragarriak zeuden aldaketak bertan behera utzaraziz.

Epailearen ustez, «kalte larria» eraginen lieke ikasle erdaldunei eta horien familiei bi haur eskolatan euskarazko eredua jartzeak. Hala, euren seme-alabek euskaraz ikastea nahi duten guraso askok ez dute horretarako aukerarik izanen.