Garikoitz MUJIKA ZUBIARRAIN
33. HERRI URRATS

OHIKOAN AINTZIRA, ATZOKOAN LIZEOAREN ALDEKO ITSASOA, BETI FESTAREN OZEANOA

GOGOZ ZEGOEN ANTZA DENEZ JENDEA, OHIKOAN BAINO GOIZAGO HURBILDU BAITZEN JENDETZA ATZO SENPERERA, IKASTOLEI ETA ETXEPARE LIZEO BERRIARI MEREZITAKO HAUSPOA EMATERA. AINTZIRA ITSASO BIHURTU ZUTEN HORRELA ADIN GUZTIETAKO MILAKA EUSKALTZALEEK, EGURALDIA LAGUN. GIRO EZIN HOBEA FESTAREN OZEANOAN.

Goizeko bederatzi eta erdietarako erruz zebilen jendea Herri Urratsen 33. edizio honetan. Haizea harro samar bazebilen ere, aztoramenik handiena aintziran batetik bestera zebiltzan euskaltzaleen begietan nabari zen. Etengabeak ziren elkarren arteko besarkadak, aspaldi ikusi gabeko lagunen irribarre truke epelak. Motzak ziren halabeharrez, ordea, topaketa goxo horiek, ikastolen aldeko egun handi honetan aginte makila etxeko txikienek izaten baitute, eta horiek gurasoei tira eta tira zebiltzan, euren «txokora» lehenbailehen iristeko irrikak gaina hartuta, goazen eta goazen.

Bi sarrera ditu jaigune honek. Ipar Euskal Herri barnealdeko «atea» dei diezaiokeguna azkar batean bete zen uholde goiztiar horren ondorioz; kostaldekoak, berriz, eguerdi alderako jo zuen goia. Hala ere, nabarmena izan zen «Senpereko itsasoan» bi mareagora izan zirela, batzuek goizean etorri eta giroaz gozatu ondoren, bigarren euskaltzaleen itsasgora etorri baitzen.

Irekiera ofiziala hamarretarako zegoen prestatua. Zinez ordezkaritza zabala batu zen bertara, ohi baino gutxixeago ordea, atzokoa maiatzaren 8a izanik «1945eko Garaipenaren ospakizunetan» baitzen ordezkari politiko bat baino gehiago.

Han ziren Udalbiltzako presidente Luis Intxauspe, EAEko gobernuko ordezkari Jose Manuel Bujanda, Nafarroako Gobernuaren izenean Jon Arregi, Departamenduko Kontseiluko presidente Jean Jacques Lasserre, Akitania-Limousin-Poitou-Charente erregioaren ordezkari Frederique Espagnac eta, nola ez, Ipar Euskal Herriko makina bat alkate eta hautetsi, alderdi poltikoetako eta herri mugimenduetako kide andana ondoan zituztela. Han ziren ere Koldo Tellitu Euskal Herriko ikastolen lehendakaria, Pascal Indo Seaskakoa eta Hezkunde Nazionaleko Pierre Barriere inspektorea.

Bi albiste

Azken honetxek eman zuen atzoko eguneko albisteetako bat: datorren urterako Seaskak eskatzen dituen Lehen Hezkuntzarako eta Bigarrengorako postu berri bana onartuko dituztela jakinarazi zion Indori ekitaldira sartzeaz bat. Hori zabaldu aurretik jasoa zuen, ordea, Espagnac sozialistaren aurrez aurreko interpelazioa.

Bigarren albistea senatariak berak eman zuen Ipar Euskal Herriko urteko «hitzordu politiko nagusi» bilakatua dagoen irekiera ekitaldi honetan: Hollanderen agintaldia amaitzeko urtebete falta dela, frantsesa ez beste hizkuntzen aldeko lege ekimen berri bat sustatuko dutela iragarri zuen, hiru helbururekin: murgiltze ereduari aitortza ematea eta seinale eta komunikabide arloan araubideak sortzea. Maiatzaren 24an bera eta Jean Molac diputatu bretoia Eliseoan izango direla adierazi zuen Espagnacek, lege egitasmo horren nondik norakoak Hollanden taldeari aurkezten, eta, bide batez, gauzagarritasuna aztertzen, noski.

Sarri ikusi eta entzun ziren atzo, hain zuzen, euskararentzat lege bat eskatzen duten aldarriak, bai eta baxoa osorik euskaraz egin ahal izateko eskariak ere gazte mordo baten soinean. Aldarrikapen serioak, baina jai giroan «jalgiak», urtero bazterrak girotzen aritzen diren txaranga, joaldun eta kantazale anonimo amorratu horien doinuan jarriak.

Etxepare lizeo berria eraikitzen laguntzea eta horrekin batera Seaskak lehenbizikoz lanbide heziketako «hiru edo lau sail» irekitzen ahalbidetzea zituen xede aurtengo Herri Urratsek eta lortu zutela esan daiteke, lizeoari izena ematen dion euskal idazleak duela 471 urte izkiriatutako hitzek zentzu berria hartu baitzuten atzo: «Euskara jalgi hadi baxora», «jalgi hadi lanbide heziketara» opa izan zuten bertaratutakoek euren babesez.

gain bat

Esne Beltzaren kontzertua izan zen, ezbairik gabe, une gogoangarrienetako bat. Nafarroa gunea jendez leporaino zela, bai beheko berdingunea bai inguruetako malkarrak, aurtengo kantua egin duen taldearekin gozatu eta gozatu ibili zen jendea. Aspaldian ikusi gabeko jende meta izan zen hor arratsean.

Pozik ziren antolatzaileak. Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak GARAri adierazi zionez, «bikaina izan da, jendeak erantzun du». Eguneko asmoak beteta, aurrera begira jarrita dago jada begirada, eta zehazki lizeo berrirako materiala –mahai, arbel, ordenagailu eta abar– erosteko beharko dituzten 300.000 euroen bilketan. Horrek, ostera, itsasoa lur eta ur tantak sagarrondo bihurtzea eskatuko du, metafora hori hartuko baitu “Hazten gaitu, hazten dugu” kanpainak. Helburua, jasotako laguntza bakoitzeko sagarrondo bat landatzea. Baina hori beste baterako kontua da…