Jon ORMAZABAL
PILOTA

Amezketako iturri oparoa

Zazpi Iturri klubean hazi eta hezitakoak dira finalerdiak jokatuko dituzten Jokin Altuna bertako semea etaIker Irribarria aramarra, baina aurretik ere hamaika izan dira bertatik profesionaletara jauzi egindakoak.

900 biztanle eskasekin, lau pilotaleku ditu Amezketak eta horrek argi uzten du herri pilotazalea izan dela, betidanik, Larrunarri edo Txindoki magalean kokatutako herria. Historia liburuek jasotzen dutenez, XVI. mendean ere bazuen Amezketak pasakan jokatzen zuen taldea eta famatua izan zen, halaber, Luis eta Mariatarren Eliz Kongregazioak duela 100 bat urte antolatzen zuen pilota txapelketa famatua, igande arratsaldetan jokatzen zena, ondorengo dantza saioa ere izaten zuena –1950. urtean amaitu zen, erretoreak dantza lotuan egitean bi neska bidali ostean sortu zen liskarragatik–.

Luis Maria eta Jose galartzatarrak, Joxe Aierbe, Antonio Sarasola, Joxe Mari Altuna eta abarrek egindako lan bikainari segida eman nahian –lehenengo hirurak profesionalak izatera ailegatu ziren– 1975eko urtarrilaren 6an sortu zen Zazpi Iturri elkartea, azken urteetan Gipuzkoako klubik garrantzitsuenetako bat bilakatu dena. Aurtengo Buruz Buruko finalerdia jokatuko duten Jokin Altuna –bertako semeak– eta Iker Irribarria aramarrak eman diote sona azkenaldian, baina bertako iturri oparoak emandakoa askoz harago doa.

Denboran atzera eginez, Juan Antonio Artola eta Imanol Altunaren eskutik jantzi zuen klubak bere lehen federatu txapela, alebin mailako Gipuzkoako txapelketa, hain zuzen ere.

Hamarkada emankor eta berezia izan zen, Joxean Tolosaren bideari segituz, bere bi anaiek egin zuten-eta profesionaletarako jauzia, baita Joakin Etxeberriak ere erremontean. Zer esan 1989 hartaz, Joxean Tolosak Buruz Buruko finala irabazi zion Retegiri eta orduan estreinatu zuten Larrunarri frontoia.

Emaitzak ere berehala bikoiztu ziren, hurrengo hamarkadan iritsi baitziren Espainiako Txapelketako eta Gipuzkoako Herriarteko txapelak, Artola-Imaz eta Haritz Galartza bikoteekin. Loraldi garai hartan egin zuten profesionaletarako debuta Juan Antonio Artolak, Haritzek (Aspe) eta Eneko Galarzak (Asegarcek) eta urte batzuk lehenago Altuna I.ak eta Altuna II.ak –Jokin Altunaren osabek–, erremontean kasu honetan.

Hurrengo hamarkadan Ekaitz Saralegik hartu zuen erreleboa Asegarcen eta katea ez da eten, azkenekoan Jokin Altunak jarraitu baitio, urrunera eramango duen bidea hartuz.

Inguruko onenak

Biztanlez txikia izateak, ordea, baditu bere mugak –aurten esaterako, ezin izan dute talderik atera Herriartekoan– eta Zazpi Iturrin betidanik izan dute lekua inguruko pilotaririk onenek. Bertan hazi ziren profesionaletarako jauzia egin zuten Segurako Xabier Imaz, Zaldibiako Aitzol Sukia eta gaur egun maila politean diharduten Erik Jaka eta Xabier Tolosa.

Joxean Tolosak 1989an Buruz Buruko txapela jantzi zuenetik, gainera, urtero antolatu dute Amezketan afizionatuetan jokatzen den buruz buruko txapelketa bakanetako bat. Beste txapelketa askoren artean, han erakutsi zuten bai Jokin Altunak, baita Iker Irribarriak ere, aurten erakutsi duten kantxa osoan jokatzeko gaitasuna. Amezketarrak bi urtetan jarraian irabazi zuen sona handiko txapela eta Aramarrak marka gaindiezina jarri ahal izango zuen, jubeniletako lehen urtean ezker eskuko arazo batzuengatik ebakuntza-gelatik pasatu behar izan ez balu. Hala ere, hirugarren txapela ere jantzi zuen 2014an, justu txapelketaren 25. urteurrena ospatu zenean.

Xalton Zabala Zazpi Iturrin aritu da urte hauetan guztietan eta orain egindako lanaz gozatzea dagokio. Euskadi Irratian finalerdietarako pronostiko bat eskatuta, argi egin zuen bere mutilen alde, 22-17 Altunak eta 22-11 Irribarriak. «Ziur nago gazteen garaia dela, eta aurten ez bada, hurrengoan izango da».

 

Material aukeraketa berezia Bizkaia frontoian

Ia bi asteko atsedenaren ostean, luzeagoa izan da prestatzeko denbora Jokin Altunarentzat, Martinez de Irujok uko egin baitzion final laurdenak jokatzeari. Gaur itzuliko da lehen mailako Buruz Burukoaren jarduera, larunbateko partidako finalerdikorako material aukeraketarekin. 11.30ean dute hitzordua Mikel Urrutikoetxea egungo txapeldunak eta Altuna III.ak.

Baina gaurkoa ekitaldi berezia izango da Miribillako pilotalekuan; izan ere, gaurko ekitaldia aukeratu baitu Karlos Arguiñano enpresariak bere txakolin berria «K pilota» jendaurrean aurkezteko. Pilotariez gain, beste kirolari eta sukaldari batzuk ere izango dira bertan.J.O.