GARA
JARDUNALDIAK

Emakume kirolariei buruzko ekitaldi interesgarriak Hernanin eta Iruñean

“Hernaniko emakume kirolariak” film laburra aurkeztu zuten atzo, Biteri kulturgunean. Udalak bultzatutako egitasmoa da, eta helburua «emakumeok jarduera fisikoa eta kirolarekin dugun harremana jendartean ikusaraztea, kirola egiteko ditugun arazoak edo trabak, eta ditugun sentsazioak eta bizipenak azaltzea» da, Esti Aldeiturriaga zinegotziak azaldu zuenez.

Bideoan Ainhoa Azurmendi Etxegarai kirol aholkulariak, Kristina Galdeano Iriberri pala jokalariak, Eva Esnaola Agesta ultramaratoiko atletak, Miren Lopez Arrieta arraunlariak eta Jenny Perlaza Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziadunak hartu dute parte. Bihar aurkeztuko dute jendaurrean, 18.00etan Sandiusterriko ekitaldi aretoan, eta horren ondoren, mahai-ingurua izango da Ainhoa Azurmendi bera, Kontxi Ormazabal Puyadena korrikalari, Garbiñe Tijero Azkue Hernaniko pala saileko arduradun eta Patri Espinar Labian EMAKeko kidearekin –moderatzailea Irati Sarasua Arabaolaza kazetaria izango da–.

Iruñean, bestalde, Kirol Jardunaldi Transfeministak egingo ditu Bullerak kolektiboak maiatzaren 19tik 22ra. Kirolaren inguruko esperientziak partekatzeko aukera izango da eta kirol ikastaroak ere bai.