Euskal presoen egoeran duten arduragatik «begipean» jarri dituzte

Iragan astearte gauean Suprefeturako eta Espainiako kontsuletxeko ateak, Republicains eta PS alderdien egoitzetakoak bezala, begiratu zorrotza ageri duten salaketa-kartelez josi zituzten hainbat gaztek, Aitzina gazte antolakundearen ekimenez.
Baionan egindako protestaren bidez, alderdi politiko horietako ordezkariek eta Estatu frantseseko eta espainoleko agintariek euskal preso politikoen «salbuespen presondegi-baldintzetan eta senideentzako ere zigor erantsia den dispertsioan» duten erantzukizuna agerian utzi nahi izan zuten Aitzinako kideek, eta hori dela-eta «begipean» dituztela aldarrikatu zuten. Astearteko ekintzaren aurretik, Ipar Euskal Herriko herri ugaritan agertu izan dira sinadurarik ez duten begiratu zorrotzeko afixa horiek, herritarren artean zeresana eraginez.
Arduradunak izendatzea
Ekimena azaltzeko zabaldutako agirian, Antzinak dio begiratu hori ez dela «‘begia begi truk’ mehatxuaren» sinonimo, hain zuzen, ez diotelako «inori opa» arduradun politiko horiek euskal presoei egiten dietena; espetxe-politika kriminalaren arduradunak izendatzea eta politika horien onartezintasuna agerian uztea dute asmo.
Bide beretik, zabaldutako oharrean euren sostengua adierazi diete Fresnesen eta Saulen bizi baldintza duinak eskatuz gose greban diren euskal presoei. Itziar Morenoren bakartze egoera bertan behera uzteko ere eskatu dute gazte antolakundeko kideek.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
