Imanol CARRILLO
PILOTA

Indarra esperientziaren kontra arituko da Eibarren

Oinatz Bengoetxea kezkatuta agertu zen Iker Irribarria jotzaileak aukeratutako pilota «biziegi» batekin.

Argi eta garbi aipatu zuen Oinatz Bengoetxeak, atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan egindako material aukeraketan. Igandean, 19 urte dituen Iker Irribarria izango du aurkari Leitzako aurrelari beteranoak (abuztuan 32 beteko ditu) Buruz Buruko finalerdietan. «Indarra esperientziaren kontrako partida izango da. Ni nire dohainak ateratzen saiatuko naiz, eta horietako bat esperientzia izan daiteke», azaldu zuen 2008ko txapeldunak.

Azken denboraldi honetan badirudi gazteek protagonismoa hartu dutela kantxa barruan, baina pilotari nafarrak, berriro ere, barruan daraman beteranotasuna eman zuen argitara: «Ez zait axola gutaz ahaztuta zaudeten edo ez (beteranoei buruz). Gu hor gaude, finalerdi asko jokatu ditut. Oso zailak izaten dira, Buruz Buruko finala jokatzea oso zaila izaten da, baina hor egotea oso gauza handia da; niretzat partida gustagarria da eta dena ematera joango naiz».

Aurkariaren iritzia antzekoa da. Aramako aurrelariak Aimar Olaizola bezalako jokalari bat kanporatu zuen final-laurdenetan, sekulako erakustaldia eginez gainera. Garaipen horrek apustuak ia berdindu ditu, baina gaztea lasai agertu zen.

«Oraindik (bi pilotarien artean) alde handia dago pilotalekuan. Berak urte asko daramatza; ni ez naiz inondik inora faborito sentitzen. Oraindik 19 urte dauzkagu. Buruan argi daukat ume bat naizela, aurreneko txapelketa dela eta asko ikasi eta pixkanaka pilotari egiten joan behar dugula. Alde horretatik, ez dut presiorik sentitzen eta lasai ateratzen ahaleginduko gara», erantzun zien kazetariei Iker Irribarriak.

Materialagatik kezkatuta

Garrantzia kendu bazion ere, Oinatz Bengoetxea kezkatuta agertu zen Irribarriak aukeratutako pilotekin. Gipuzkoarrak adierazi zuenez, «pilotan ondo jartzeko komeni zaidan materiala aukeratu dut»; hau da, «frontisetik irteera gehien duten eta lurretik gutxiago ibiltzen diren pilotak».

Bengoetxearentzat, aldiz, aurkariaren pilota bat «biziegia» izan daiteke, nahiz eta bere materialarekin pozik agertu zen.

Horri beste faktore bat gehitu beharko litzaioke, leitzarraren ustez: eszenatokia bera. «Eibarko pilotalekua beti gustatu zait. Gertatzen dena da, berak duen kolpearekin eta bere pilotekin, oso atzean eduki nezakeela. Pilotaren irteera ikaragarria da pilotaleku honetan, eta gastatzen denean, pilota biziegia geratuko da. Hori izan daiteke arazoa».

Dena den, «ez da kexa bat», argitu zuen Bengoetxeak. «Nik ez dut aitzakiarik. Ehuneko ehunean nago, entrenamendu onak egin ditut, eta irabazten badit, ni baino gehiago jokatu duelako izango da», gehitu zuen.

Izan ere, Irribarriaren une bikaina oso presente du nafarrak, eta hori beste faktore bat izan daiteke. «Aspalditik ikusi dut bera ‘superklase’ bat dela, eta jotzaile handi bat. Horrez gain, sekula baino indartsuago dago orain; pilotari sekulako abiadura ematen dio eta aurkaria anulatu egiten du».

Olaizola II.aren kontrako neurketan ikusi zen bezalaxe, gipuzkoarra goizuetarra atzean dominatzen saiatu zen, baita lortu ere. Horregatik, igandeko partidara begira, aurreko koadroetan «arriskatu» egingo duela eta, Buruz Buruko Txapelketa izanda, «sakearekin mina» egin behar diola azpimarratu zuen Oinatz Bengoetxeak.

Hasieratik «topera»

Gaztetasunaz gain, inteligentzia ere erakutsi zuen atzo Irribarriak. Izan ere, inork baino hobeto daki zer nolako aurkaria izango duen igandean. «Argi daukat berak nola jokatuko duen. Sotamanoz ahal duen gehiena ematen saiatuko da, eta aurrean dagoenean, efektuz tantoak egiten saiatuko da. Zazpitik ez da milagrorik izaten eta frontisetik ahalik eta urrutien edukitzen saiatuko naiz».

Hasieratik «topera ateratzen» saiatuko da, Bengoetxea frenatzeko, eta, gainera, abisua bota zuen: «Eskuan txispa kontserbatu behar da, eta egun hauetan gustura entrenatu dut».