GARA
DONOSTIA

Hik Hasik euskarazko 53 ikastaro emanen ditu uda hasieran Donostian eta Leioan

Teoria eta praktika pedagogikoetan oinarrituta, hainbat gorputz espresiorekin, emozioekin eta psikologiarekin lotutako 25 ikastaro emanen ditu Hik Hasik Leioan, eta bertze 28 Donostian. Guztiak euskaraz izanen dira eta hiru egun iraunen dituzte. Leioan ekainaren 28tik 30era eginen dira eta Gipuzkoako hiriburuan, aldiz, uztailaren 4tik 6ra.

Hik Hasiren hamazazpigarren Udako Topaketa Pedagogikoak izanen dira aurtengoak, EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Sailarekin eta Leioako Irakasle Eskolarekin elkarlanean antolatuak.

Berrikuntzen artean dago “Euskal mitologiaren azterbideak” ikastaroa, Juan Inazio Artsuaga antropologo eta pentsalariak emanen duena. “Adimen anitzak eta autoestimua, motibazioaren osagai” ere bai, Edurne Etxeberria Lehen Hezkuntzako irakasle eta adimen anitzetan espezialistarena.

Virginia Belategi Hezkuntza Integralean adituak bi ikastaro berri eskainiko ditu: “Mindfulness eta TDAH: arreta barrutik lantzen” eta “Mindfulness edo arreta osoarekin irakurtzen”. Veronica Azpillaga EHUko irakasleak bertze bat, “Irakasleen komunikatzeko estiloa eta efikazia”, eta Naiara Gorroño yoga eta mindfulness adituak gorputzaren bidez arreta garatzeko teknikak azalduko ditu.

Ane Ablanedok nerabeekin lan egiteko gakoak emanen ditu eta Pello Añorgak, aldiz, ipuinak kontatzekoak. Urko Arozena Musikeneko irakasle eta psikologia positiboan adituarekin entrenamendu mentala eta ametsak lantzeko aukera izanen da.