BAGOIZ BAGOI, TREN-MAKINA INDARTZEN
URTARRILEAN, BILBON AZKEN URTEETAKO MARTXA JENDETSU ETA ANITZENETAKOA ANTOLATU ONDOTIK, ERRONKA HANDI BAT JARRI ZION SAREK BERE BURUARI: EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUEN ESKUBIDEEN ALDEKO TREN BAT MARTXAN JARTZEA. BAGOIEKIN JENDARTEAREN EREMU EZBERDINAK AKTIBATZEA. ETA ASMOA BETETZEN ARI DA.

Lorpenaren erakusgarri dira Oñati, Bilbo, Santurtzi, Iruñea, Agurain, Oiartzun, Algorta, Beasain... Euskal Herriko hainbat herritan igo zen jendea atzo Sarek abiatutako giza eskubideen trenera. Eta gehiago batuko dira, bakoitza zerbait desberdina aportatuz eta bagoi berezi bat osatuz. Añana, Arratia, Etxarri Aranatz, Laudio eta Portugaleteren txanda izanen da gaur.
Eguraldi petralaren aitzinean irribarre bat marraztuz, ehun bat lagunek osatu zuten atzo eguerdian Donostiako bagoia. Aterkiak izan ziren trenaren sabaia Norteko geltokitik, Renfe eta autobus geltoki berria dauden puntutik, Euskotren iristen den Easo plazara arteko bidean. Triki-traka, triki-traka, poliki-poliki ailegatu ziren helmugara eta jende gehiago elkartu zitzaien plazan.
Codo eta Trenor gogoan
Kioskoaren inguruan jarrita irakurri zuten testuan, bi preso izan zituzten treneko bidaiariek bereziki gogoan: Amara bertakoa den Jagoba Codo eta ondoko auzoko, Egiako, Karlos Trenor. Lehenak gaixotasun kroniko larria du eta, halere, Martutenetik Castello II espetxera urrundu zuten iaz, etxetik 480 kilometrora. Bigarrena ere urrun dago, Ocaña IIn, etxetik 513 kilometrora, 71 urte dituen arren.
Presoen eskubideen zapalketaren bi adibide dira. Oroitu zutenez, eurenak soilik ez, senide eta lagunenak ere ez dira errespetatzen. Hauek asteburuero ateratzen dira errepidera maite dituztenak ikusteko kilometroak eta kilometroak egitera.
Honi irtenbidea emateko, bost eskaera egin zizkieten gobernu espainolari eta frantsesari: dispertsio politikaren amaiera; eri dauden presoen askatasuna; 70 urtetik gorako eta kondenaren bi herenak beteta dituztenen kaleratzea; iheslari eta deportatuak beren eskubideen jabe izatea, bertzeak bertze, osasuna, lanpostu duina eta eskubide zibil eta politikoak, Euskal Herrira etortzeko aukera emanez; eta «kolektibo zehatz baten kontra egiten diren salbuespenezko legeen» bukaera. Lege hauek euskal presoen isolamendua posible egiten dute.
Zazpi Jauzi dantzatuz giro polita sortu zen Easo plazan. Ekitaldia borobiltzeko, familia argazki bat atera zuten. Trena hartzera eta tokian tokiko bagoiak eratzera animatu zuten jendea. Eta eremuz eremu lan egitera, «presoen eskubideak urratuak diren heinean, gure jendartearenak ere egunero urratuak direlako». Argi eta ozen erran zuten: «Giza eskubideen urraketarik ez gure izenean. Gure izenean ez».
Tokian tokiko koloreak
Aipatu bezala, Donostiaz gain, bertze hamaika herrik erantsi zuen bere bagoi berezia, bere kolorez margotua. Agurainen, aizkolariek beren indar eta kemena eman zuten; Zuian, giza eskubideen zapalketak esplikatzen zituzten panelak erakutsi zituzten; eta Antsoainen, erietxeko jantzi berdeak soinean egin zuten Iruñeko Alde Zaharrerako bidea.
Bertako San Frantzisko plazan elkartu ziren Donibaneko trenarekin. Momentu gogorrak irudikatu zituzten. Adibidez, lagun bat ohatilan, maskarillarekin eta hodiz josita, eta, hala eta guztiz ere, eskuburdinak kendu gabe. Paneletan eritasun larriak dituzten presoen fitxak agertu zituzten eta sarean sinadura bilketa hasi zuten hauek etxera ekartzeko (gaixodaudenpresoak.wordpress.com). Indar handia egin zuten herrietako bagoi guztietan norabide honetan.
Plentzian eta Gorlizen, benetako trenera goititu ziren, kartzeletara eramaten diren poltsa handiak ekipajetzat hartuta. Trenaren irudia zuten poltsek eta «nik hartu dut» zuten gainean idatzia. Indautxun eta Abandon, tren koloretsu bat osatu zuten Sare herritarraren koloreekin. Kontatu zutenez, hunkigarriak eta ikusgarriak izan ziren Indautxu, Deustu eta Bilboko ekitaldiak.
Soraluzeko trena ere ederra zen: tren-makinan giza eskubideak zihoazen, lehendabiziko bagoian konponbidea eta bigarrenean bakea. Jakina, jendez gainezka zihoan, barrenetik zein kanpotik.
Mobilizazioek ez dute etenik eta, adibidez, ekainaren 19rako manifestazioa deitu dute Iruñean. Herritarren indarrez, tren-makina martxan da, gero eta bagoi gehiagorekin, giza eskubideen geltokira iristeko.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
