Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Balizko Estatua, bolizko estatua

Kanpainaurre guztietan gertatzen zait. Kanpainatzeetan ere, berdin. Nire burua bor-bor dagoela, bere kabuz; buruak su gabe baitiraki. Are gehiago azken egunotan, jelkideenak gogoan. Total, borborka. Ideiatan jartzean probatzen bada zelakoa den eltzea, nire burua presio-eltze! Hara, pentsatzen hasita nago ez nauela bihotzeko batek akabatuko, buruko batek baino. Hara ere, autopsia egin orduko nire buruan ibiliko dena ez da medikua izango artezilaria baino. Atera kontuak! Informazio-autopisten jendartea ei dugu hau. Bai zera! Kimera! informazio-autopsiena, izatekotan.

Tira, ideien harira! Non eta gure mendebaleko Legebiltzarrean, noiz eta orain aste gutxi, zer eta… kolpea, gero! Ganberan frackinga zuten ezbaian. Egia esan, han ez edo baian izan arren batzuen ganbaran jada baia dute esana, ezbairik gabe. Eta jelkideak jendaurrean ezbaian, ohiko duten desmartxan… ez-baina ezpainean… haustura hidraulikoari atea itxita ere bihar-etzi izan litekeen kristoren bestelako teknika kaltegabe bati ezin zaiola gaurkoz atea itxi… Eta adibidea ipini ere: eta “boli triste” batez, lurrera apuntatuta, karbono-loturetatik energia ateratzeko modua bagenu? Ee? Orduan zer? Ee? Ee?… Ganberako tribunatik esana. Amen. Eliza bera pozarren, mirakuluen aroa joana ez delako, hosanna! Eskujokariak ere pozik, alehop! Patronala ere berdin, boligrafo tristeen ekoizpen masiboa antolatzen. Tori innobazioa!

I+G+b! azkena berrikuntza ez baizik bolikuntza. Tira! Bolia alaia balitz sikiera! Baina ez, gainera tristea! Elefanteak ontziterian legez sartu dira hauek goi-teknobolian. Batzuk balizko euskal Estatuaz ari diren bitartean jelkideak bolizko estatua amets; hots, euren bolia eskuan beheko Estatu harekiko lotura sekula ez dela apurtuko, sekula hori santa izanda ere. Bor-bor.