GARA
DONOSTIA

Erizainak eta medikuak bilera batera deitzeko eskatu diote Lakuari

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako erizaintza elkargoetako presidenteek prentsaurreko bateratua eskaini zuten ostegunean, Erizaintzaren Nazioarteko Egunean, preskripzioaren inguruko errege dekretuak sortutako arazoak konpontzeko bideak eskatzeko asmoz.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkargo ofizialetako presidenteak ostegunean, Erizaintzaren Nazioarteko Egunean, elkartu ziren Donostian, botiken preskripzioari buruzko errege dekretuak sortutako arazoen berri eman eta konponbidea bilatzen saiatzeko.

Bertan, Lakuako Osasun sailburuari, Jon Darponi, proposatu zioten medikuek eta erizainek parte hartuko duten bilera bat antolatu dezala. Izan ere, denen artean konpondu beharreko arazoa dela uste dute. Azaldu zutenez, dekretua indarrean jarri zenetik «medikuen agendak gainkargatu» egin dira, orain erizainek ezin dutelako errezeta behar duen botikarik erabili, agindu edo baimendu, ezta dosiak doitu ere.

«Erizainak ez dio inoiz uko egin eta ez dio egingo bere eskumenak burutzeari. Baina errege dekretua argitaratu zenetik, erizainen jarduera mugatu egin dute medikamentuen alorrean. Aldiz, lortu nahi zen helburua zen orain arte egiten zutena egiten jarraitzeko legezko esparru bat sortzea», nabarmendu zuten, dekretuak zenbait egoeratan sortzen dien ezintasuna azaldu aurretik.

«Egoera horien adibide dira, esaterako, emagin batek erditzean oxitozina injektatzea edo sendaketa batean medikamentuak diren produktu sanitario jakinak aplikatzea, hala nola kremak edo pomadak, ultzera bat sendatzeko». Horrez gain, orain arte, Sintrom hartzen zuten pazienteen kontrola erizainek egiten zuten, eta, orain, odol lagina hartzeko ziztatzen jarrai dezaketen arren, ezin dute balorazioa eta botika horren dosiaren doikuntza egin, «orain arte egin izan dugun bezala». Argi utzi nahi izan zuten funtzio horiek ezin dituztela egin dekretu berriak ez dielako horretarako baimenik ematen, ez beraiek nahi ez dutelako.

Pazientearen osasunaren alde

Erizainek uste dute errege dekretuaren inguruan komunikabideetara iritsi den polemika bat sortu dela «medikuen eta erizainen kolektiboaren arteko gatazka baten irudia emateko arriskuarekin». Alderantziz da, ordea, bi kolektiboek helburu berdintsuak baitituzte, nabarmendu zutenez. Horregatik, arauak mediku eta erizainei eragiten diela ikusten dutenez, «elkarrekin lan egin» behar dutela uste dute, «legea betez, bakoitzak bere eskumenen barnean». Beraien iritziz, onuragarria izango litzateke egitura medikoetatik dekretu berri horren irismena behar bezala azaltzea, bi lanbideen jardueran nahasketak eta tentsioak saiheste aldera.

Alde horretatik, argi dute administrazio eta elkargo profesionalen ardura dela informazioa ondo zabaltzea; izan ere, komunikazio falta sumatu dute. «Mediku lankideak ez dira, inondik ere, gure etsaiak, elkarren osagarri diren bi lanbide ditugu helburu bakar batekin: gure pazientearen osasuna babestea», nabarmendu zuten.

Hala, lehen ez zeuden arazo horiek konpontzeko espero dute abenduaren 24an indarrean jarritako dekretua laster zuzendu ahal izatea, bi kolektiboak baitira «dekretu oker baten biktimak». Bitartean, argitaratzen den argibide bakoitza aztertuko dutela adierazi zuten. «Erizaina mehatxatua edo hertsatua sentitzen den egoeretarako neurriak hartzen saiatuko gara, egoera horiek gatazka, giro txarra, beldurra eta segurtasun eza sortzen baitute», gaineratu zuten.

Prentsaurrekoari amaiera emanez, herritarrei zuzendutako mezua zabaldu nahian, zera adierazi zuten: «Egon daitezela ziur erizainak bere lana burutu nahi duela eta ongi egin nahi duela. Baina momentu honetan legeak dioena da medikua izan behar dela kasu guztietan pazientea ikusten duen lehena errezeta behar duen edozein tratamendu hasi aurretik».