Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Albokarako 333 pieza moldatu eta sortu ditu Alan Griffinek

Albokarako pieza tradizional gutxi heldu dira gaur egungo garaietara. Alan Griffinen arabera, hogei inguru izango dira gehienera. Horiek eta musika instrumentu honetarako moldatu eta konposatu dituen dozenaka kantu –guztiak alboka tradizionalerako– bildu ditu «Halfway to Hell. Albokarako 333 doinu» argitalpenean. Albokaren errepertorioari egin dion ekarpenaren atzean, desagertze bidean egon zen musika tresna hau indaberritzeko ahalegina dago.

Laster, Irlandan bizitakoak bezain beste urte beteko ditu Alan Griffinek Euskal Herrian: hogeita hamar. Artean alboka jotzen jakin gabea zela sortu zuen, Txomin Artola, Josean Martin Zarko eta Joxean Goikoetxearekin batera Alboka musika taldea eta, taldearen izenari zentzua emate aldera sakondu zituen albokaren gaineko ikaspenak. Egun, filmen bat ikusten edota afaltzen ari dela, oinaz erritmoak markatuz edo hatzekin jolasean aritu ohi dela aitortzen du, eta «obsesio» horrek eraman omen du “Halfway to hell. Albokarako 333 doinu” (Aztarna) argitaratzera. Kilo eta erdi eta ia bostehun orrialdeko liburu mardulean, musika instrumentuaren gaineko zehaztapenak bildu eta euskal errepertorio tradizionaletik bildu edota moldatu dituen hainbat doinuez gainera, beste herrialde batzuetako kantuak eta berak alboka tradizionalerako konposatu dituenak ere bildu ditu.

«Guganaino iritsi den errepertorio tradizionala nahiko murritza da; hogei kantu ingurukoa besterik ez. Azken hogeita hamar urteetan zabaltzen joan da, albokari berriak euren piezak sortzen joan dira eta argitalpen hau horrek guztiak sorrarazten zidan obsesioaren emaitza da», azaldu zuen Griffinek.

Errepertorio tradizionaletik datozen biribilketa, fandango eta arin-arinez gainera, bestelako euskal dantzen doinuak edota bertso-doinuak ere bildu ditu, eta baita nazioarteko musika oinarri hartuta sortu dituenak ere, mazurkak, polkak edota dantza latinoak adibidez.

Liburuaren aurkezpenean Joxean Goikoetxea soinujoleak nabarmendu zuenez, XX. mendean «desagertze arriskuan» egotetik, 70eko hamarkadatik aurrera hainbat musikariren ahaleginari esker indarra berreskuratzen joan zen alboka eta, argitalpen honen bidez, errepertorioa indartu eta instrumentua arnasberritzeko zutoinak jartzen dira.