Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Kexak eraginkorrak direla nabarmendu du Behatokiak

Hizkuntza eskubideen urraketen aurrean herritarrek paratzen dituzten salaketa eta kexak aurrera egiteko baliagarriak direla nabarmendu zuten atzo Behatokiko arduradunek. Urraketa horiek konpontzeko tresna egokia direla azpimarratu zuten. Horren alboan, agintarien eta erakundeen utzikeria salatu zuten.

Herritarrek egiten dituzten kexak aldaketak lortzeko eraginkorrak direla nabarmendu zuten, atzo, Iruñean, hizkuntza eskubideen egoerari buruzko Behatokiaren txostena aurkeztean.

Beste aldean, ordea, erakundeek oraindik utzikeriaz jokatzen dutela azpimarratu zuen Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak.

«Hizkuntza dela-eta bigarren mailako herritar gisa tratatuak izatea onartzen ez dutenek tratu duina exijitu eta egiten duten ahaleginaren ondorioz aldaketak eragin dituzte», adierazi zuen Arantza Haranburu Behatokiko kideak.

Horren adibideak ere eman zituzten. Iberdrolaren faktura gaztelania hutsean zegoela salatu ondoren, konpainiak euskaratu egin zuen. Baskonia taldearen Instagram kontua soilik gaztelaniaz zela ohartarazi eta gero, saskibaloi taldeak euskaratu egin zuen, eskerrak eman eta gero. Uharteko Udalaren komunikazioak ere gaztelania hutsean ziren. Kexa helarazi eta gero euskaratu egin zituzten. Zabalganako osasun zentroan gaztelaniaz baino ez zituzten egiten erditze aurreko klaseak. Salaketaren ondoren, euskarazko talde bat osatu zen Gasteiz osorako. «Herritarrekin bidea eginez, lortu da hainbat kasutan aldaketak eragitea», gaineratu zuen Haranburuk.

Agintarien utzikeria

Balantzearen beste aldea ez da, ordea, hain pozgarria. «Herritar guztien eskubide guztiak bermatzeko ardura daukaten agintariek eta arduradunek askotan utzikeriaz jokatzen dute», esan zuen Petriatik.

«Erdarak lehenesten diren testuinguru orokor baten baitan gertatzen dira egoera hauek guztiak. Urtez urte errepikatu dugun gauza berbera esan beharrean gaude oraingoan ere. Euskal Herriko eremu administratibo guztietan, estatu administrazioan, administrazio autonomikoetan eta toki administrazioetan, arlo publikoan zein sektore sozioekonomikoan gertatzen dira urraketak», gaineratu zuen Behatokiko zuzendariak.

«Erantzukizunak dituzten pertsonak eta arduradunak, maiz, uzkur dira urraketa egoeren aurrean. Hainbatetan, utzikeriaz jokatzen dute. Kritikagarria da agintariek euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahaleginik ez egitea», kritikatu zuen Petriatik.

Egoera horien aurrean, hiritarrek agertzen duten gogoa txalotu zuen. «Euskaraz bizi nahi duen herritarra oztopoei aurre egiteko prest dagoela erakusten dute lehen aipatu ditugun egoerek eta saiatzen dira konponbidea bilatzen, egoera hori hobetzeko zerbait egiten».

«Egunerokoan aurkitzen dituzten oztopoen aurrean jarrera pertsonal aktiboa hartu eta neurriak hartzea ahalbidetzeko ahalmena erakutsiz, aurrean jartzen zaien oztopoa gainditzea lortzen dute. Saiatzen dira euskarari gero eta leku gehiago egiten, euskaraz bizitzeko xedea errealitate bihurtzen. Euskal hiztun gisa aintzat hartzen ez dituztenean aktiboki pentsatzen dute eta ez diote eskubideari uko egiten. Euskaraz bizi ahal izateko ezinbestekoa da herritarren konplizitatea», gaineratu zuen Petriatik.