Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
MIKEL OLAETXEA
ASEGARCEKO pilotaria

«Azken urte hauetan frontoi lehor horietan asko jokatzeak salbatu nau»

Bere izaerari jarraiki, ez du ezer berezirik nahi igandean jokatuko duen azken partidarako, «partida normal bat eta gero etxekoekin ospatu». Enpresaren erabakia ere «naturaltasunez» hartu du lizartzarrak, atzetik datozen gazteen indarraren aurrean lehiatzeko zer eginik ez duela aitortuta.

Artista handi bat, baina batez ere pertsona handi bat galduko du pilota profesionalak igande honetan Tolosan.

Igandean azken partida. Nola hartu zenuen berria?

Oso lasai, ikusten nuen bazetorren zerbait zela eta normaltasunez hartu dut. Hori bai, azkena izango zela esan zidatenetik, jokatzeko gogo handiarekin.

Esana zenuen Lau eta Erdikoan edozer eginda ere, ez zuela horrek zure etorkizuna aldatuko...

Aurretik izan dira kasuak, Ekaitzen kasua hor zegoen, lau eta erdian dezente gorago igo zen azkenean. Gaur egun enpresak ez daude txapelketa batean egiten duzunari begira; urte osoko kontua da. Buelta handirik eman gabe, naturalki etortzen den zerbait da eta niri ere horrela tokatu zait, eta orain etxera, eta inolako arazorik gabe.

Erdi mailarako lekurik ez?

Hori ere izan daiteke. Ni azken urteetan salbatu nauena da udaran behealdean partida dezente jokatu ditugula frontoi lehor horietan, Salamanca, Soria... enpresak aspalditik ez nau kontuan hartu neguko edo txapelketako pilotari bezala. Eta esan duzuna, azkenean nik normaltzat hartzen dut, oso gazte onak datoz, beso bikaina dauzkatenak eta uste dut garaia heldu zaigula, momentu honetan ez nintzen maila horretan jokatzera iristen eta inolako arazorik ez dago.

Horien indarra falta izan duzu?

Bai, hori behintzat askotan nabaritu izan dut, defendatzean gehienbat, ezin hori. Azkenean pilota abiadura handian dator eta oso puntu onean egon behar izaten nuen maila ona eman ahal izateko.

Aipatu duzun “neguko pilotari” ez izate horrek oso gogorra behar du, partida bat jokatze hutsa garaipen bat denean, ezta?

Azken urte honetan, plantilla hain murritza denez, partida dezente jokatu ditut, baina orain bi edo hiru urte izan ziren hilabeteak bai nik bai nire inguruko askok hilean partida bat edo bi jokatzen genituena eta orduan bai zirela momentu nahiko gogorrak edo behintzat desmotibatuta, entrenatzeko gogo handirik gabe eta pixka bat uda iristeko gogoz ibiltzen ginena. Aurten, egia esan, alde horretatik partidak jokatu ditut, baina bestalde ikusten nuen goran ibiltzeko aukerarik ez nuela eta sufritzen ari nintzela.

Eskuek ez dizute asko lagundu...

Azken bi hilabeteak behintzat oso gogorrak egin zaizkit. Nik uste dut dena lotuta etorri zaidala, ikusten nuen ordua iristen ari zela, eta onartu egiten nuen, baina beste alde batetik eskuek mina ematen zidaten. Dena batera etorri da. Inoiz ez dut askorik sufritu, baina azken bi edo hiru hilabeteetan bi eskuak oso gaizki izan ditut eta pena izan da. Azkenean motibazio falta hori ere nabaritu egin zait.

Hala ere, balantzea ona da?

Gozatu egin dut pilotan, urte batzuk egin ditugu, afizionatuetan ere gozatzen nuen, baita orain pilota eskolan ere umeekin. Frontoi inguruan beti gozatu egin dut eta balantzea oso positiboa da.

Unerik ederrenak, emaitzak ala inguruko hori guztia?

Nire curriculuma ez da hainbestekoa izan eta emaitzak ez dut esango. Gehienbat inguruko lagun piloa, momentu onak garaipenak izan direnean eta, batez ere, sortzen den giro hori eta familia txiki bat garela.

Baina bigarren mailako txapelak, Aimarri lau eta erdian irabazi zenionekoa... Horiek ere badaude.

Bai, orain arte behintzat ez diet asko begiratu txapelei eta Aimarri irabazi nionean oso ondo ospatu nuen, baina bueno, orain arte gehiegi ez diot begiratu; agian, hemendik aurrera gehiago baloratuko dut. Bigarren Mailako buruz buruko txapela izatea ere polita da niretzat.

Igandekoa pilotan amaiera duzu edo jarraitzeko asmoz zabiltza?

Oraingoz behintzat ez dut horretan pentsatu, igandekoa jokatuko dut eta galtza zuriak jartzeko asmorik ez daukat, ez dut inorekin hitz egin; badakit Saralegi oso gustura dabilela, baina ez, momentuz burua igandean daukat, eta gero lasaitzera.

Kilometroak egiteaz nazkatuta?

Horko bide gehienak ezagutzen ditut bai. Hor behealdera joaten banaiz, leku gehienak ezagunak egingo zaizkit. Saralegirekin-eta giroa ere oso ona izango zen, baina bidaia luzeak dira, egun osokoak eta orain alaba txiki bat ere badaukat eta neska lagunak esaten zidan lasai hartzeko garaia ere badela eta behingoz uda bat lasai disfrutatzeko garaia ere badela, ingurukoek ere sufritu dute eta.