GARA
IRUÑEA

Fiskalitateari buruzko eztabaidari ekiteko eskatu die ELAk alderdi politikoei

Herritarren bizitzarako «estrategikoak» diren eztabaidak agenda politikoaren erdigunean ipintzeko eskatu zien atzo ELAk alderdi politikoei, zerga sistemari buruzkoaren premia nabarmenduz.

Nafarroako Condestable jauregian bildu ziren atzo ELAko ordezkariak sindikatuaren proposamen fiskalak aztertzeko, eta ondoren manifestazioa egin zuten Parlamenturaino, “Fiskalitate honekin ez dago justizia sozialik” lelopean.

«Zerga gehiago kapitalarentzat» oihukatu zuten sindikatuko kideek mobilizazioan, baita estatuko hitzarmenaren kontrako leloak, besteak beste. Mobilizazioaren amaieran, Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak nabarmendu zuen fiskalitateari buruzko eztabaida premiazkoa dela.

ELAren ustez, «aurrekontu eta zerga politikak «errotik» aldatzea «ezinbestekoa» da, «gizarte-politika egokiak garatzeko eta desberdintasunaren aurkako borrokan aurrera egiteko».

«Hauteskunde fase amaigabean gaude eta hauteskunde-espazioen bilaketa zilegitik harago herritarrentzat estrategikoak diren eztabaidak zentratu behar dira», adierazi zuen Muñozek. Esan zuenez, ezkerrak zerga-eztabaida erdigunean jartzeko betebeharra du, «egiten ez badu, gizarteak alternatibarik ez daukala sumatuko» baitu.

Nafarroako zerga-presioari buruz, zehaztu zuen Europako batez bestekotik 18 puntu azpitik dagoela. Batez besteko horretara hurbilduko balitz, Nafarroako Gobernuak 1.800 milioi euro gehiago bilduko lituzkeela azaldu zuen, eta 3.400 milioi gehiago, Danimarkak duen batez bestekoa aplikatuta.

Argitu zuen ELA ez dela muturreko aldaketa proposatzen ari, baizik pausoak ematea 1.800 milioi horiek lortzeko, «gehienbat iruzurrean eta kapital-errenta, enpresa eta errenta altuekiko tratu pribilegiatuan» daudelako, eta Nafarroako Gobernuari patronalaren bideari ez jarraitzeko eta sistema goitik behera aldatzeko eskatu zion.