Jon LEUNDA
APUSTUA

Oraingoan crossfit-a nagusi izan da

Lesakak eta Fernandezek aurre hartu zieten Saldiasi eta Urrutiari.

Lesaka eta Fernandez izan ziren nagusi herenegun arratsaldean Donezteben jokatu zen apustuan. Bertan herri kirolak eta crossfita batu ziren, bi kirol hauetako probak sartu zituzten, eta kirolariak ere bietan aritzen zirenak ziren. Garaipena crossfitekoek eraman zuten.

Hala ere, Dani Saldias bihurtu zen protagonista, bero kolpeak jota ezin izan baitzuen bere lana amaitu. Erietxera eraman eta han pasatu behar izan zuen gaua, baina zorionez ez zuen inongo larritasunik, eta atzo eguerdirako berriro ere etxean zen.

Sekulako jendetza batu zen apustu hau ikusteko gogoz eta asmoarekin. Hasteko, 80 kiloko harri bolari 50 jasoaldi eman behar izan zizkion bikote bakoitzak txanda librean, eta hor Saldias eta Urrutia gailendu ziren, baina jasoaldi bakar bateko aldearekin.

Hortik aurrera Lesaka eta Fernandez izan ziren nagusi. Hasieratik ikusi zen Saldiasek ez zuela bere eguna, normalean egiten ez dituen hutsak egin baitzituen, baina hala ere sekulako lana egin zuten. Bero latza zegoen, baina hori ez zen eragozpena bihurtu, izan ere, aurreneko lau lanak sekulako abiadan egin zituzten.

Bigarren lanean, 200 kiloko uztarria bizkarrean hartu, eta 20 plaza egin behar izan zituzten. Hemen hartu zuten aurre Lesakak eta Fernandezek. Hirugarren lanean ere aldeak bere horretan jarraitu zuen. Bakoitzak 70 kiloko txingak esku banatan hartu, eta 20 plaza egin behar izan zituzten.

Trontzan ezin

Ondoren probarik zailenetakoa izan zen. 40 kiloko trusterra hartu, halterofilian erabiltzen dena, eta aurrena bularrean hartu, gero makurtu, eta gorputza zuzendu ostean gora altxatu behar izan zuten, eta hori 50 aldiz egin behar izan zuten. Ondoren, trontza zen, eta hor bazegoen Saldiasek eta Urrutiak aurre hartuko zuten itxaropena, hau baita euren kirola.

Hauek 10 epai enborra etzanda jarrita eta beste hamar zutik jarrita ebaki behar izan zituzten. Besteek 20 etzanda jarrita, baina Saldiasek eta Urrutiak ezin izan zuten amaitu. Ordurako nahiko gaizki zebilen Saldias, eta saioa bertan behera utzi behar izan zuten. Lesakak eta Fernandezek 43 minutuan amaitu zituzten euren lanak, garaipena erdietsiz, nahiz eta jendeak lau kirolarien lan itzela saritzen jakin zuen, sekulako txalo zaparrada eskainiz. Alde bakoitzak 1.500 euro zituen jokoan.