Oihane LARRETXEA
HERNANI

Sorlekura, mende laurden geroago

Duela 25 urte jaio zen Hernanin Sortzen elkartea, euskal eskola publiko berriaren aldeko guraso nahiz irakasleen eskutik. Bertan egin zuen atzo urteroko jaia, sustraietara buelta eginez. Egindako lorpenak errepasatu zituen, egun dauden erronkak ahaztu gabe. Euskal eskola publiko berria lortuko bada, elkarrekin izango dela sinetsita daude.

1991. urtea zen hezkuntza ereduarekin kezkatuta zegoen ikastola eta eskola publikoetako guraso eta irakasle talde bat Hernanin bildu zenean. Funtsean, ezaugarri jakin batzuk zituen euskal eskola publiko berria nahi zuten: euskalduna, anitza eta integratzailea, doakoa eta autonomiaduna. Horretarako konpromisoa hartu zuten. Ahaleginak egin eta lanean jarri ziren. Sortzen elkartea jaio zen.

Mende laurdena igaro da geroztik eta egongo da botila erdi hutsik ikusiko duenik. Bada, baita ere, botila erdi betea ikusten duenik. Gaur arteko ibilbidean izandako garaipenei ez ezik, oraindik betetzeke dauden erronkei errepasoa egin zien atzo Bego Bitorika Sortzeneko koordinatzaileak. Elkarteak urtemuga Hernanin ospatu nahi izan zuen, sustraietara buelta eginez.

Ekitaldian hitza hartzean onartu zuenez, orain hogeita bost urte adostutako txostena hartu zuen esku artean, eta tristura «punttu» bat sentitu zuen ohartzean ez dela aldarrikatu zuten hezkuntza sistema propioa lortu, ezta irudikatu zuten eskola eredua ere.

Tristurak, ordea, ez darama gizakia inora, ez da ezeren motor, eta ametsak, nahiak, grinak, itzali baino ez ditu egiten. Ez da hori Sortzenen izaera. Horregatik, egindako lanari eta emandako urratsei, batzuk txikiak, besteak handiak, erreparatu zien Bitorikak. «Batzuetan pauso txikiak dira eguneroko martxa, koiunturako titular handien atzean ezkutatuak geratzen diren arren –adierazi zuen–. Beste batzuetan handiagoak, baina orain dela 25 urte eta gaur egun aldarrikatzen dugun euskal eskola publiko berri horretarako bidea osatzen doazenak, aurrerapausoak dira zalantzarik gabe».

Gogorarazi zuenez, hezkuntza komunitatea osatzen duten pertsona eta eragileek lortu dute, besteak beste, euskal curriculumaren definizioa, oinarrizko hezkuntza akordioa edota Lomceri aurre egitea. Zentzu horretan, zoriondu egin zituen 3. mailako probari planto egitea erabaki duten 150 ikastetxeak.

Lorpenak lorpen, hau guztia nahikoa ez dela eta euskal eskola publikoak «antzeko» jarraitzen duela deritzon jendea egon daitekeela onartu arren, Sortzen ez dator bat ikuspegi horrekin. «Sistema bizia da (…), eta hezkuntza komunitateak egoera horien aurrean formulak bilatzen ditu egunero».

Egunerokotasunean, ezinbestean, erronkak daude, lege berriek aurkezten dituzten desafioak, batzuetan harriak dira bidean. Hizkuntza eredua murgiltze ereduarekin ordezkatu ez izana, adibidez, edo Nafarroan D ereduko haur eskoletan dagoen afera, «Vascuencearen lege lotsagarria» desagertu ez izana, eta EAEn Lakuako Hezkuntza Sailak Heziberri abiatu izana.

«Nolako hezkuntza, halako jendartea» eraikitzen dela sinetsita, duela 25 urte hartutako helburuak berretsi zituen Sortzenek, horiek lortu ahal izateko lanak eta ahaleginak biderkatzeko konpromisoarekin, gainera. Horretarako «denon» parte-hartzea nahi dute: irakasle, familia, eskola, herri, erakunde nahiz eragileena.

“eskolHarria biharko herria” goiburuarekin ospatu zuten atzoko festa eta lan eguna Hernanin. Asmo aitortza. «Elkarrekin ekinez egoera iraultzea posible da. Harriak batuz, mugarriak jarri», adierazi zuen Bitorikak.