GARA
BILBO

Poeta eta idazle ugari Blas de Oteroren omenez Bilbon egingo diren literatur topaketetan

Blas de Otero oroitarazteko literatur topaketak bihar abiatuko dira, Bilboko poetaren adiskide izandako J.M. Caballero Bonalderen bizipenak jasotzen dituen film labur dokumentalaren proiekzioarekin.

Joan den martxoaren 15ean ehun urte bete ziren Blas de Otero poeta, 50eko hamarkadako gizarte poesiaren ahots garrantzitsuena eta gaztelaniaz idatzitako literatura garaikideak eman duen egile azpimarragarrienetakoa, Bilbon jaio zenetik (1916-1979). Urteurren hori dela eta, Blas de Otero Fundazioak eta Bilboko Udalak zenbait jarduera antolatu dituzte bihar hasi eta ekainaren 4ra bitartean.

Horietan hainbat poeta eta idazlek hartuko dute parte, besteren artean Pere Gimferrer, Antonio Martinez Sarrion, Antonio Colinas –2016ko Poesia Iberoamerikarreko Reina Sofia sariaren irabazlea–, Manuel Rivas, Elena Medel, Andres Neuman edo Paco Ibañez kantautorea.

Literatur jardunaldiak bihar irekiko dira, 19.30ean, Jose Fernandez de la Sotaren (Euskadi Literatur sariduna 1988an eta 2010ean) gidaritzapean. Oteroren adiskide handi izandako Caballero Bonald poeta andaluziarrarekin izandako solasaldia biltzen duen film labur dokumentala ere emango dute.

Egunez egun

Asteartean, lehenengo topaketa egingo da, Pere Gimferrer poeta (Bartzelona, 1945) eta Antonio Martinez Sarrion (Albacete, 1939) elkartuko dituena. Topaketek antzeko egitura izango dute, izan ere, guztietan, gonbidatuek atzera begiratuko dute, Oteroren lanarekin izan zuten lehenengo harremana jendearekin konpartitzeko, euren lanean izan duen eragina, poetaren giza-erretratua eta zuzenean ezagutu zutenen anekdotak. Horrez gain, Oteroren lana beti egongo da presente, arrazoi bat edo beste dela eta bakoitzak irakurri edo gogoratu nahi dituen poemekin. Ekitaldi guztiak Bidebarrietako liburutegian izango dira, 19.30etatik aurrera.

Asteazkenean Antonio Carvajal eta Antonio Colinasen txanda izango da, eta, ostegunean, egile talde anitza izango da poeta bilbotarraren gaineko irudia osatzearen arduraduna: euskaraz idatzitako lanen bibliografia zabala egin duen Felipe Juaristi, galizieraz idatzitako lanez ariko den Manuel Rivas eta frankismo osteko poesian aditua den Marta Sanz.

Ostiralean, poesia garaikidearen errezitaldia eskainiko dute Xuan Bello, Amalia Iglesias, Andres Neuman eta Elena Medelek, Joseba Salbador musikaria pianoan dela. Azkenik, larunbatean, 20.00ean, Paco Ibañezen kontzertuarekin emango zaie amaiera jardunaldiei.