2016/06/02

Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
On-line eta euskaraz
Unibertsitate mailako euskarazko on-line eskaintzan sekulako hutsunea dugu. Eta euskarazko on-line unibertsitate bat sortzea erabaki bat da. Erabaki politiko bat. Baina erabaki partekatua izan behar du

Jendartea aldatzeak pertsonen beharrak eta ikasteko moduak aldatzea dakar berarekin. Eta hortaz, hezkuntza arloko eskaintzaren eraldaketa eta eguneraketa ere eskatzen ditu. Egungo jendarteak hezkuntza behar berri eta propioak baititu. Malgutasuna nahi du. Malgutasuna erritmoetan eta ikasteko ibilbideetan. Eta espazioa edo distantzia muga bat ez izatea eskatzen du. Prest dago beste era batera interaktuatzeko. Agian, prest dago etxetik bertatik ikasteko. Tarte txikiak bilatzeko. Motibatua dago. Ikasi nahi du. Auto-diziplinatua da. Interneten nabigatzeko gai da. Eta, horri erantzunez, on-line ikasteko eskaintza oso oparoa da. Baina ez euskaraz. Baina euskaldunok, gutxienez, elebidunak garenez, erdaraz dauden eskaintzak bilatu ahal ditugu. Eta, gaur-gaurkoz, hori besterik ez zaigu geratzen.

18 urte nituenetik, noizbait Psikologia Gradua egingo dudala esaten dut, on-line. Nik ere malgutasuna nahi dudalako. Behar dudalako. Nekez sar naitekeelako aurrez aurreko modalitatean. Ezin diodalako hainbeste denbora eskaini egunean. Nire erritmora ikasi nahi dudalako. Baina Psikologia Gradua euskaraz ikasi nahi dut. Eta ez dago, gaur-gaurkoz, gisako eskaintzarik.

Unibertsitate mailako euskarazko on-line eskaintzan sekulako hutsunea dugu. Eta euskarazko on-line unibertsitate bat sortzea erabaki bat da. Erabaki politiko bat. Baina erabaki partekatua izan behar du. Halaxe sortu zen UOC, Herrialde Katalanetan: erabaki partekatu bat abiapuntu; Generalitatea, unibertsitateak eta beste eragile batzuk eskutik hartuta. Eta 20 urte beranduago, ukaezina da bere mundu mailako erreferentzialtasuna eta jendarte katalanean izan duen eragina.

Eta ildo berean, euskarazko on-line unibertsitate bat sortuko bada, administrazioek eta beste unibertsitateek ere bat egiten dutenean izango da. Eta garaiz gabiltza.

UEU prest dago bere jakintza, bere jakintza sarea eta bere baliabideak proiektu honi eskaintzeko. Baina proiektu honek guztien apustua eta elkarlana eskatzen ditu. Horretaz guztiaz hitz egingo dugu ekainaren 10ean, Koldo Mitxelenan.