GARA
BLANTYRE

Artoaren salneurria bikoiztu egin da Malawin

Aurreikuspenik txarrenak ere gainditu ditu dagoeneko goseteak Malawin eta uholde suntsitzaileek aurrena eta lehorteak ondoren tripa nola bete ez dakitela utzi ditu herritarrak, Fides Vatikanoko berri agentziak argitara eman duen txosten baten arabera. Peter Mutharika presidenteak orain bi hilabete adierazi zuen populazioaren %20 zegoela gosea pasatzeko arriskupean, baina Eliza katolikoaren hedabideak %50era igo du proportzioa une honetan.

“El Niño” izenaz ezagutzen den fenomeno atmosferikoak eragin du egungo lehortea: Malawikoa zein ondoko herrialdeetakoa. Fenomenoaren eraginez, normalean oso hezeak diren inguruak lehor izatera pasatzen dira eta nekazaritza erabat kaltetzen da. Uztak ez dira aski herritar guztiak elikatzeko. Malawiko iparraldearen kasuan, iazko ekaitz suntsitzaileek egoera larriagotu zuten eta apirilean larrialdi egoera deklaratu zen.

Ondorioz, janarien salneurriak gora egin du etengabe, eta kwatxa Malawiko monetaren balioak, behera. Herritar askok gutxiago jatea erabakitzen du, eta beste askok, etxean dituen gauzak saltzea. Fidesek eskainitako datuen arabera, lehen zazpi dolar ordaintzen ziren arto zaku bategatik eta une honetan, hamabost. Umeak dira egoera horretan gehien sufritzen ari direnak, beti bezala.