«GUTIK ZURA», EGURRAREN JAKINTZA TEKNIKATIK BIHOTZERA
BIOTERRA PRODUKTU EKOLOGIKOEN, BIOERAIKUNTZAREN, ENERGIA BERRIZTAGARRIEN ETA KONTSUMO ARDURATSUAREN AZOKA DA, IGANDERA ARTE IRUNEN GOZAGAI DAGOENA. HAZIZ DOA, BEREZIKI BIOERAIKUNTZA ETA BERRIZTAGARRIEN ARLOAN. «ZURA» AURKEZTU DUTE BERTAN, EGURRAREN LEHENA, ORAINA ETA GEROA AZALTZEN DITUEN LANA.

Bioterraren ateak ireki orduko, standei azken ukituak ematen eta lehen bisitariak sartzen ari direla, hasi da “Gutik zura” filmaren aurkezpena, hantxe, postuen ondoan, egur eta lurrin goxoen usainean. Proiektuaren zuzendari Mari Jose Barriola nekazaritza ingeniaria da, LHko irakaslea eta Tknikako egur arloko arduraduna. Imanol Lopez Perotxena komunikazio arduradunarekin batera erakutsi du filmaren trailerra (Zura.eus-en dago ikusgai), eta egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.
Jon Maia bertsolariaren gidoia duen pelikula honen helburu nagusia basoaren, zuraren eta euskal jendartearen arteko harremanak izan duen, gaur egun duen eta izanen duen balioa agertzea da. Antzinatik etorkizunerako bidaia eginen du ikusleak, hainbat pertsonaiaren bizi esperientzia eta mundu mailako adituen begirada lagun. «Ez dugu dokumental komertzialik egin nahi; bihotzera iritsi nahi dugu, kontakizuna sentiberatasunez eta arte pixka batekin eginez», adierazi du Barriolak. Azken grabaketetan dabiltza eta irailean, Donostiako Zinemaldian, estreinatuko dute lana.
Tknikaren barrenean kokatzen da filma, Woodnika izeneko proiektuan. Irakasle bezala, euskarazko material didaktikoaren eskasia sumatzen zuen zuzendariak eta egurraren sektorean ere zura kanpotik ekarri eta bertakoak ezaugarritu gabe zeudela ikusten zuen. Zegoen «ezjakintasun handiari» buelta emateko gogoz ekin zioten bideari, Gipuzkoako Aldundia, Lakuako eta Nafarroako gobernuak eta espainiar Ministerioa lagun.
Asmoa egurraren kalitatea aztertzea zen, zuhaitzak bota baino lehen. Enpresa, arkitekto eta egitasmoaren parte diren gainerako eragileen adostasunez, hiru espezie ikertu dituzte: izeia, alertzea eta larizio pinua. Ondorioztatu dutenez, alertzeak du erresistentziarik handiena, gero izeiak eta azkenik larizioak.
Bi ilargialdi desberdinetan egin dituzte mozketak, eta, bertze hainbatek bezala, Ibarrolak etxean beti aditu duena baina sorginkeriatzat hartu izan dena –ilargiaren eragina, alegia– egia dela frogatu dute.
«Ondare immaterial ikaragarria» dagoenez, testigantzak bildu dituzte (Jon Maia ibili da egurra maite duen hainbat jende elkarrizketatzen), ondotik transmititzeko, bereziki egurrarekiko lotura galdu duten belaunaldi gazteei. Plataforma digital batean jarri dute bildutako jakintza (normadera.tknika.net).
Ia berrehun postu
190 stand daude Ficoban (iaz 167), hiru pabiloitan banatuta. Horietan, postuez gain, “Zura”-rena bezalako aurkezpen, tailer eta erakustaldiak ere badira aukeran. Kanpoan, berriz, Bioterraza ireki da, sukaldaritza ekologikoaren eskaintza zabalaz gozatzeko gune atsegina.
Segituan hasi dira lehenbiziko bisitariak standez stand kuxkuxeatzen. Batean Bidasoa lanbide prestakuntza institutuko droneak eta moda-modan dauden 3D inprimagailuak, baita zuhaitz baten gainean eraikitako egurrezko etxetxoa ere. Bertzean, Aerobin etxearen konposta egiteko aparailua, aireztatze sistema bat duena (horregatik, ez da beharrezkoa nahastea) eta ongarri likidoa aprobetxatzen duena.
Horiek gehien hazi den gunean, Geobat izenekoan, baina Bioterra eta Naturall guneak ere hor daude gozagai: nekazaritza ekologikoko produktuak, ehungintzako eta kosmetikako eskaintzak, sendagai naturalak...
Azoka zabalik egonen da gaur 10.00etatik 21.00etara eta bihar, 10.00etatik 20.00etara. Informazio gehiago lortzeko, Bioterra.ficoba.org.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
