Maider IANTZI
DONOSTIA
Elkarrizketa
IñAKI ALEGRIA ETA IRATXE ESNAOLA
UEU-KO ZUZENDARIA ETA TALDE ERAGILEKO KIDEA

«Euskarazko on-line eskaintzak denon apustua izan behar du»

Datorren ostiralean Donostian eginen den «Euskarazko on-line eskaintza unibertsitatean: egoera eta erronkak» jardunaldiaren atarian mintzatu dira antolatzaileak GARArekin. Kataluniako UOC eredutzat hartuta, egungo eskari gero eta zabalagoari erantzutera dei egin diete erakunde eta unibertsitateei.

Donostiako Koldo Mitxelenan eginen den jardunaldiak, Carles Sigales UOCeko (Universitat Oberta de Catalunya, Kataluniako Unibertsitate Irekia) Ikaskuntza eta Irakaskuntza errektoreordeaz gain, euskal instituzio eta unibertsitateetako ordezkariak izanen ditu gonbidatu nagusi. Herrialde Katalanetan bezala, gurean ere euskarazko on-line eskaintza garatzeko erabakiak konpartitua izan behar duela uste dute UEUko zuzendariak eta eragileak. Horregatik prestatu dute ekitaldia, hasieratik elkarlana bilatuz.

Zein eskaintza egiten dute gaur egun gure unibertsitateek on-line eta euskaraz?

Iñaki Alegria: On-line metodoa aurrez aurrekoaren osagarri gisa erabiltzen da. Erdaraz badaude gauzak, gehienak kanpoko unibertsitateen bidez (Madrilgo UNED, adibidez), eta euskaraz gauzatxo batzuk daude Mondragon Unibertsitatearekin. Baina ez dago graduko titulazio kopuru zabalik on-line. Ez dago eta ez dago programatuta ere hurrengo urteetarako.

 

Ze eskari dago?

Iratxe Esnaola: Gero eta gehiago eskatzen da beste erritmo batzuetan eta beste malgutasun batekin ikasteko aukera, baita distantziatik ere. Nabari da jendarteak formatzeko eta trebatzeko formatu berriak behar dituela, eta euskaraz. Ikusi besterik ez dago UNEDek eta batez ere UOCek duten arrakasta.

I. A: Aurrez aurreko unibertsitateetan ikasle gehienak gazteak dira, baina on-linekoetan helduagoak dira, lanean dabiltza, denbora eta betebeharren aldetik beste maila batean daude, eta bigarren titulazio bati edo une batean utzitako ikasketei ekin nahi diete. Langabezia dela-eta, lanean promozionatzeko edo jakin-mina duelako pausoa ematen du askok, bizi osoko ikaskuntzarekin lotuta, baina unibertsitateko titulu batekin.

I. E: Bai, ikastaro laburrak on-line eta euskaraz egon badaudelako, askotarikoak gainera.

Abantaila nagusia malgutasuna izanen litzateke?

I. A: Malgutasuna geografia eta denbora aldetik. Eragozpen handiena abandonu tasak normalean baino handiagoak izatea da. Autodiziplina behar da eta hor sartzen da metodologiaren egokitzapena.

I. E: Metodologia honek rol guztiak aldatzen ditu. Ikasleak rol oso aktiboa eduki behar du, eta motibatua egon. Bere ardura da, baina ez berea bakarrik, eta horregatik irakaslearen rola ere aldatzen da. Are gehiago, rol gehiago ateratzen dira. Irakasleaz gain, tutore eta aholkulariak daude, nolabait lortu behar delako bakarrik ez sentitzea. Unibertsitate mailaz ari garenez, prozesua luzea da eta aktibo mantendu behar duzu.

I. A: Beste maila batean ikusten da hori hizkuntzekin. Adibidez, ingelesarekin. Audio, bideo… mila gauza daude ikasteko. Baina diziplina dela-eta arrakasta tasa handienak akademietan egoten segitzen du.

Orain zein urrats egiten ari zarete hemen halako proiektu bat sortzeko?

I. A: Duela bizpahiru urtetik hona Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin proiektu bat lantzen ari gara. Jaurlaritzaren babesa behar da eta momentuz ez dugu lortu.

I. E: Aldundiaren laguntzak ahalbidetu du on-line lerroa gorpuztea eta indartzea. Graduondokoak eta ikastaroak sartzea. Baina guk urrats handiago bat planteatzen dugu: graduak eta master ofizialak eskaintzea. Graduak berez lau urteko luzera du eta horrelako erritmo batean gehiago luza daiteke, zazpi-zortzi urtera. Gure aldetik aurreikusten dugu ez dugula arazorik edukiko irakasle eta ikasleak lortzeko. Ez dugu mugarik ikusten hizkuntza, eduki eta teknologia aldetik ere. Baina ezinbestekoa dugu instituzioen eskutik joatea.

I. A: UOC erabaki politiko baten ondorioz sortu zen duela hogei urte. Ez zuten UNED transferitu nahi, eta orduan erabaki zuten zer edo zer berria sortzea. Bertako unibertsitate guztiak, Caixa, gobernua… bilduta sortu zuten proiektua, hasieratik katalanez eta prezio publikoetan.

I. E: Oso garrantzitsua da erabaki politikoarena, horrek erakusten duelako UOC ez zela ulertu eta ez dela ulertzen gaur ere lehiaren ikuspuntutik, baizik eta elkarlanetik. Guretzat oso garrantzitsua da argi gelditzea UEUk egiten duen planteamendua ere ez doala inorekin lehiatzera, baizik eta guztion apustu bat izan beharko lukeela, denon eskuetatik ateratako zerbait.