Sena kontua, lehorrean ere
Ura albiste han-hemenka. Geza eta gazia, biak albiste. Gure goian den Estatuko hiriburutik ibili dabilen ibaia urez handituta doa egunotan, aspaldiko partez lortu gabeko maila lortzen ari omen dela. Esan liteke Senak sena berreskuratu duela, eta zubi bazterrekoei gogoratu ere ibaia izateko gogoa ez duela galdu, ohikoan ubidetik gatibu ibili arren. Mehartu egin zioten ibilbidea, estutu, hiritzarrari traba egin ez ziezaion. Eta hiriak hura, eta ura, trabatu. Baina traba bueltan da, zubien uste ustelen ispilu. Hara! ezker-eskuineko sotoak husten hasi behar izan dute, uraren beldur. Eta hortxe aritu dira, lurpeko artelanak urrunduz, badaezpadakoan. Zer ez ote duten sotook gordeko artelanez haratago! Tira, gaur Senaren geroa bere esku dago.
Gezatik gazira. Mediterraneoa beti albiste. Drama iturri etengabea. Bizitza euren esku egon ez eta lehorretik abiatu ziren gorputz eta arima, ihesean, bestaldean NORK izan nahirik.
Baina, handik gutxira urak atzera bueltatu zituen, olatuak lagun, gorpuak hemendik eta zapatak handik, hondartzan ZER utzita. Lehen izena bai, eta izana apenas; orain ez bata eta ez bestea. Estatistikarako zenbaki hutsa baino ez. Ez, ez zuten geroa beren esku. Eta ezin beren jaioterrian senaren zain egon.
Eta Kantauri bazterrean gaur, ekainak 5 dituen honetan, 34 herritako lagunek, hango edo hemengo, erantzuteko aukera dute. Haratagoko bidean den uneko geltoki alaitsua. Erantzunak eman eta gauzatu ez ezik galdera asko eta askotarikoak etengabe egiteko eskubidea ere beren esku dagoela sinetsita. Horretan ari dira gaur udal horiek osatzen duten artxipelagoan. Senak zenari eta ekarriko dugunari eutsiz. Olatu berriak datoz eskura, artxipelago berrien iragarle... burujabetzaren senaz betiere.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
