2016/06/11

Kronika
EUSKARAZKO
SINESGARRIA ETA GAUZAGARRIA

K ATALUNIAN METATU HISTORIA ETA ESPERIENTZIA IRAKASGAI HARTUTA, HAIN ALDAKORRA ETA GALDERA IKURREZ JOSIA DEN ORAINA LANABES, EUSKAL UNIBERTSITATE BERRI BAT IZAN ZUTEN ARDATZ ATZO DONOSTIAN PAUSATU ZIREN UDAKO EUSKAL UNIBERTSITATEAREN 44. IKASTAROEK.

Mikel ZUBIMENDI
0611_eg_onlineupv

Duela hogei urte abiatu zen Kataluniako UOC, hasieran txorakeriatzat jo zena.

Egitasmoa antolakuntza arkitektura eta aurrekontu jasangarri batez hornitzea ez litzateke hain zaila izango, Alvarezen ustez

Iratxe Esnaola Deustuko Unibertsitateko irakasleak gidatuta, on line diharduten unibertsitateen artean zaharrena den UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko (Universitat Oberta de Catalunya) Carles Sigales, UNED-Bergarako patronatukide Juanjo Alvarez eta UEUko Iñaki Alegria aritu ziren hausnarketa publikoan. Esparru horretan, Euskal Herrian atzeratuta gabiltzala eta arras atomizatua den errealitate batetik abiatzen garela aitortuta, eskaera eta eskaintza ez direla falta aldarrikatuta, aurrera egiteko deia zabaldu zen. Ameskeria utopikoa dirudien arren, lana ondo egiteak dakarren sinesgarritasuna eta dauden ahalmenak ezagututa, eder eta eskuragarri aurkeztu zen euskal unibertsitate berri eta berritzaile baten horizontea.

Duela 20 urte abiatu zen Kataluniako UOC, hasieran txorakeriatzat jo zena, Internetera egokitu eta funtzionarioen unibertsitate baino ingurune birtual horretan funtzionatuko ote zuen zalantzekin. Sustatzaileak ameslari utopiko edo bisionario emankor izan ziren hemen eztabaidatzeke, segur aski bietarik poxi bat izan zutelako, kontua da hogei urteko ibilbidea zinez oparoa izan dela.

Zenbaki gordinek erakusten dutenetik harago, Kataluniari eta jendarteari egin dion ekarria zinez emankorra izan da. Jakintza sare globala josi dute, nazioarteko irakaskuntza-sareekin elkarkidetza, eskaintza zabal-zabala, ia 50.000 ikasle, 68.479 graduatu, 3.709 irakasle, 463 tutore, gizarte digital baten eraikuntzari ekarpena, jakintzaren gizartearen inguruko ikerkuntza, integrazio soziala, katalan hiztunen komunitatea trinkotu eta munduratu… hori guzti hori eta gehiago.

Horrelako unibertsitate bat, sorreran statu quo unibertsitarioan azkura dezente eragin zituena, nahitaez beste eragileekin kolaboratzera behartuta dagoela aipatu zuen Sigalesek. Katalunian eta munduan elkarkidetza sare aparta josi eta hein batean bakarrak izatea lortu dute. Nola? Hezkuntza ereduaren bitartez, klase magistralik gabekoa, ikaslearen lana ardatz duena eta laguntzarako ekintza eta ingurune aproposa prestatuz. UOCeko ikasleak, oro har, 25-40 urte artekoak gehienak, jende prestatua dira eta sozialki inpaktu handia dute, gehienek lana dute, irakasle asko ikasle dira. Are, aukera berdintasuna bultzatzen du (%55 emakume eta %45 gizonezko), desgaitasunen bat duen jendearekiko irisgarritasun eta atentzioa handiagoa da eta, datu orokorretan, bere sorreraz geroztik jende gehiago erakarri du Kataluniako unibertsitateetan ikastera.

Etorkizuna imajinatuz

Behin martxan jartzen den proiektu orok bizitza propioa izan ohi du. Bere ziklo, gorabehera eta demontre ezberdinekin. Etorkizunari begira, UOCeko buruak erantzunak baino galdera gehiago dituela aitortu zuen, berak daukan ziurtasun bakarra gauzak asko eta oso azkar aldatzen eta aldatuko direla dela. Are, gaur egun duela hogei urte sortu zuten eredua berriz errepikatuko ote luketen zalantza plazaratu zuen. Teknologien eboluzioa, aurrez aurreko unibertsitate klasikoen apustu digitalak, Interneten dena doako eta eskuragarri izateko kultura… aldagai asko aipatu zituen. Edonola ere, gonbidapen argia egin zuen: imajina ezazue etorkizuneko irakaskuntza, urruti-urruti pentsatu eta ekiozue amets horri.

Eta Euskal Herrian, zer? Ba al dago UOC bezalako egitasmoa eraikitzeko baldintzarik, talenturik? Horrelako zerbait Euskal Herrian existitu ahal izateko, ba al dugu euskaldunok eskala nahikoa? Juanjo Alvarez eta Iñaki Alegriaren ustez, zailtasunak zailtasun, badaude, bai. Eta halako proiektu batek askatuko lituzkeen energia sortzaileak eta piztuko lukeen ilusioa nabarmendu zituzten.

Alvarezek, hori bai, aipatu zuen gai hau unibertsitate mailako arduradun askori mahaigaineratu dion bakoitzean bi erantzun jaso dituela: «Zergatik egingo du hori beste batek nik neuk egin ahal dudanean?» eta «nire lehentasunen artean ehungarrenetik atzera dago». Euskal unibertsitateek dituzten gauza on asko horietatik abiatuta, gure kosmos unibertsitarioaren atomizazioa deitoratuz, auzolan baten alde egin zuen. Egun motorra «gripatua» dagoen arren, horretan asko dugula jokoan azpimarratu zuen. Hezkuntza eta berrikuntza, euskararen aurrerabidea, eta pedagogia sozial inspiratzailea ekarriko lukeela aipatu zuen, antolakuntza mailako arkitektura funtzionala ematea eta aurrekontu jasangarri batez hornitzea ez litzatekeela hain zaila izango. Galeanoren utopiaren ideia gogoratuz, erronka honi gogo-bihotz lotzeko deia egin zuen.

Iñaki Alegriaren ekarpenak eman zion akabera hausnarketa publikoari. Alor honetan UEUk duen hamahiru urteko esperientzia oinarri eta egin dituzten hainbat inkesta baliatuz, konklusio zehatzak plazaratu zituen: eskaria egon badagoela, eskaintza ez dela falta, eta teknologia beharrezkoa baina orotan gakoena ez dela gogoratuz, gisa horretako euskal unibertsitate, edo «metaunibertsitate» berria sortzeko baldintzak daudela aipatu zuen.

UEUk ez duela proiektu itxi eta borobila taxutua aurreratu zuen. Eta sortze lan horren sozializazioa behar-beharrezkoa dela gaineratu.

Atzo Donostian aditu zena laburbilduz, euskal unibertsitate berri eta berritzaile horri ez zaiola sinesgarritasunik falta aipatu behar da. Eta eman ziren datu eta erakutsi zen gogoarekin, gauzagarria oso den egitasmoa dela. Oxala geroa amets horren neurrikoa balitz!

 

«Eskaria badago, eskaintza ez da falta, euskaldunen eskubidea da, sozializatu dezagun erronka hau»

IÑAKI ALEGRIA

UEU

 

«Oso argi izan behar da: Ezberdina izan nahi baduzu, lehen-lehenik sinesgarria izan behar duzu»

CARLES SIGALES

UOC Kataluniako Unibertsitate Irekia

 

«Paue, Baiona, Bergara, Deustu, Arrasate, Sarriko, EHU, NUP... auzolan unibertsitarioa behar da»

JUANJO ALVAREZ

UNED-Bergara

 

«‘On line’ unibertsitatea baino, ‘on line’ irakasten duen unibertsitate integral, global, integratzailea gara»

CARLES SIGALES

UOC Kataluniako Unibertsitate Irekia