Ariane KAMIO
DONOSTIA

Historia eta artea, memoriaren eztanda ulertzeko gakoetan

EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeak 36ko gerra ardatzean jarri eta bere orbitan dauden ideiak geruza berera ekarri ditu. Hain zuzen, kontakizun historiko-politikoen eta errelato artistikoen batura osatu du memoriaren eztanda ulertze aldera.

Memoria historikoa. Azken urteetan interesgune bihurtu den gaia. 36ko gerrari hertsiki lotutako hitzen batura, politikari, historialari eta adituen hainbat zirkulutan hitzetik hortzera erabilia eta erabiltzen ari dena. Ikertzaile batzuen arabera, memoriaren eztanda bizi du egungo gizarteak, gertakari haietatik 70 urte baino gehiago pasatu direnean. Zer gertatu zen kontatzen duen egitura ofizialeko kontakizunik oraindik ere ez duen amaierarik gabeko historia garaikidearen kapitulua da, egiazki gertatutakoaren lekukotzak han-hemenka agertzen dituen afera arantzatsua.

EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikerketa taldeak 36ko gerrarako bidea hartu du argitalpen berri baten bitartez. Baina ez da soilik zuzenean egindako bide politikoa, azken hamarkadetan agian gehien nabarmendu dena, baizik eta bidezidorretan aurkitu diren beste hainbat ekarpenekin batera eskutik doan monografikoa. Hala, historia eta politika eta artea elkarrekin norabide berean jarri dituzte “Oroimenaren lekuak eta lekukoak: Gerra Zibilaren errepresentazio artistikoak versus kontaera historiko-politikoa” liburuan.

Hamabi artikulu

Izaro Arroita eta Lourdes Otaegi taldekideek koordinatu eta editatutako lana da Etxepare Euskal Institutuaren, EHUko Euskara Zerbitzuaren eta Mikel Laboa Katedraren laguntzaz argitaratutako lana.

Gerraren memoria du aztergai monografikoak eta bi ardatz nagusitan mugitzen da. Oroimenaren lekuak, batetik, eta lekukoak, bestetik. Historia, politika, arteak eta beste hainbat jakintza arlotako hamabi adituren testuak biltzen ditu bide horretan. «Jakintza arlo eta gizarte adierazpide desberdinak kontuan hartu ditugu eta Gerra Zibilaren harira Euskal Herrian zabaldu diren diskurtsoak batu», adierazi zuen Izaro Arroitak atzo Etxepare Institutuak Tabakaleran duen egoitzan egindako aurkezpenean. Memoria kolektiboaren pisua duten adierazpideak eta gerra bizi izan dutenen adierazpenak batzen dira testu horietan, «giza alderdia funtsezkoa baita memoria eztanda hori ulertzeko».

Hamabi artikuluk osatzen dute orotara 36ko gerra eta errepresentazio artistikoak batera aztertu dituen lan monografikoa. Bildutako artikuluen egileak unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak dira, EHUkoak nahiz atzerrikoak. Oro har, ekarpenak bi multzotan bereiz daitezke: lehen multzoan Manuel Irujo edo Estepan Urkiaga Lauaxeta bezalako pertsonaia historiko-politiko zehatzak hartu dira aztergai. Lehena Josu Erkoreka politikariak garatua; bigarrena Inazio Mujika Iraolak egina, Lauaxetak Gasteizko kartzelan idatziriko azken poemen edizio komentatua eskainiz. Ludger Mees historialariak gudariek transmitituriko memoriari buruzko hausnarketa kritikoa egin du, eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendari eta irakasleak euskaldunek gerrari buruz proiektatu duten zinema ekoizpenari buruzko tesia egin du.