2016/06/16

Iratxe Esnaola
Hezkuntzan doktorea
Win-win
Nago, UOCen kasuan gertatu zen bezala, proiektu honen arrakastaren gako nagusia, aurrez aurreko unibertsitateen jarreran dagoela Hau da, unibertsitate horiek gaur-gaurkoz dituzten beldurrak direla proiektu honen garapena geldo dezaketenak

A zken hilabetean euskarazko on line unibertsitate bat sortzeko aukera mintzagai izan dugu. UEUk antolatu jardunaldi bat zegoen atzean, ekainaren 10ean Koldo Mitxelenan egin zena. Jardunaldia hausnarketarako deia zen. Irekia eta kolektiboa. Eta balizko euskarazko on line unibertsitate bat sortzeko prozesuan zeresana izango luketen agente nagusiak bildu ziren bertan.

Mamitsua izan zen. Eta berezia. Bertaratu zirenek bizi eta sentitu ahal izan zuten, han jazo zena. Fase aldaketa gertatu zela sentitu nuen nik. Proiektua edukiz janzteko fasean sartu ginela. Gauzatze fasean. Eta forma eman behar zaiola. Koldo Mitxelenan irudikatzen zena zehaztu egin behar dela. Baina ez hori eskatu zelako: zehaztasun horiek proiektu honek sortzen dituen beldur eta mesfidantzak lausotzen eta uxatzen lagunduko duelako baizik.

Nago, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiaren kasuan gertatu zen bezala, proiektu honen arrakastaren gako nagusia aurrez aurreko unibertsitateen jarreran dagoela. Hau da, unibertsitate horiek gaur-gaurkoz dituzten beldurrak direla proiektu honen garapena geldo dezaketenak. Are, duela 20 urte, UOC sortu zenean, on line eskaintza ere urria zen. Orain ordea, 2016an, aurrez aurreko unibertsitateak ere on line eskaintza lantzen ari dira. Euskaraz oso gutxi. Eta gradu mailako tituluetan deus ez, graduondoko eta masterren arloan baizik. Eta hortaz, nolabait, euren terrenoa ere badela defendatzen dute. Eta uler dezaket.

Baina proiektu honek aurrez aurreko unibertsitateei beste begirada bat eskatzen die. Win-win harremana dela sinistea. Ulertzea, eurek nekez berma dezaketela euskarazko on line eskaintzaren garapen progresibo baina indartsu bat (are gutxiago bakoitzak bere aldetik).

Unibertsitate mailako euskarazko on line eskaintza garatzeko formulak mila izan daitezke. Baina formulak formula, aurrez aurreko unibertsitateek win-win motako elkarlana izango dela ulertzea ezinbestekoa da. Bestela ez da posible izango.