Segalarien denboraldia Aizarnan abiatuko da
Gipuzkoako Txapelketako bi finalerdi jokatuko dira, zortzi kirolarirekin.
Gipuzkoako segalarien Txapelketako finalerdiak jokatuko dira bihar Aizarnan, Aranburu landetxeko belardietan 11.30ean hasita. Zortzi segalari lehiatuko dira bi multzotan banatuta, eta bakoitzeko bi onenek lortuko dute finala jokatzeko txartela.
Lehen kanporaketa 11.30ean hasiko da, eta bertan, Pardo, Gabirondo II.a, Urrutia eta Arteaga izango dira lehian arituko diren segalariak. Azken hau da lehiaketako berrikuntza nagusietako bat, izan ere, azken urte hauetan ez baita lehiatzen aritu. Euskal Herriko txapelduna izandakoa da, eta finalean izateko itxaropenekin itzuliko da txapelketetara Baliarraingoa.
12.30ean hasiko da bigarren kanporaketa, eta bertan, Esnaola, Etxeberria, Merkader eta Irazustabarrena lehiatuko dira. Etxeberria eta Merkader dira hemen berriak, iaz ez baitziren aritu. Bi saioetan ordu erdiko lana egin beharko du segalari bakoitzak, eta tarte horretan multzo bakoitzeko bi onenek lortuko dute finala jokatzeko txartela.
Nazioarteko era
Nazioarteko eran ere asteburu honetan abiatuko da denboraldia euskal segalarientzat, nahiz eta Euskal Herritik oso aparte hasiko diren. Alemanian izango dute lehiaketa bat. Wiesmoor herrian jokatuko dute asteburu osoan. Guztira 200 segalari inguru lehiatuko dira, eta horietatik hamahiru izango omen dira euskal segalariak.
Taldeka eta banaka egin beharko dute lan, eta maila ezberdinetan jardun beharko dute. Gizonezkoen maila nagusian aritzeko, Altzo, Izagirre, Mendizabal eta Galarraga joan dira. 60 urtez goitiko mailan, beteranoetan, alegia, Koldo Artzelus, Joakin Garmendia eta Pako Txapartegi lehiatuko dira. Emakumezkoen maila nagusian, berriz, Anttoni Irastorza, Nekane Amondarain, Haizea Arruti eta Ixabel Antsa arituko dira Euskal Herria ordezkatuz.
Euskal segalariak banakakoan eta taldekakoan arituko dira eta azken honetan lauko taldeak izango dira. Horrela, beteranoen taldearekin ere arituko da Altzo. Zaldibiakoak maila nagusian eta beteranoenetan, bietan hartuko du parte. Gainera, sega pikatze lehiaketa bat ere jokatuko da eta hor ere arituko dira Euskal Herritik joan direnak.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
