Faboritoak hasi dira agintzen
Gabirondo II.ak lortu zuen lehen multzoko onena izatea, eta berarekin batera Arkaitz Arteagak eskuratu zuen finala jokatzeko txartela.Bigarren multzoan, berriz, Igor Esnaola gailendu zen, eta berarekin batera Etxeberriak egin zuen azken egunean aritzeko bidea.

Gabirondo II.ak, Arteagak, Esnaolak eta Etxeberriak lortu zituzten, atzo Aizarnan, uztailaren 10ean Asteasun jokatuko den Gipuzkoako finalean aritzeko lau txartelak.
Atzo eguerdian Aizarnan jokatu ziren Gipuzkoako Txapelketako bi finalerdiak ikustera 300 ikusle inguru batu ziren. Belarrak eta belardiak ez zuen aitzakiarik izan eta emozioz beteriko saioak izan ziren, batez ere aurreneko finalerdia, kilo gutxi batzuek erabaki baitzuten bigarren postua eta finalerako txartel bat.
Gabirondo II.a, Pardo, Arteaga eta Urrutia neurtu ziren aurreneko finalerdian. Kirolari bakoitzak ordu erdi zeukan lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen zuten aurreneko biek lortuko zuten finala jokatzeko txartela.
Gabirondo II.a zen hori irabazteko faboritoa eta ez zuen hutsik egin. Hasieratik oso indartsu agertu eta denen aurretik joan zen. Hemen, ordea, kiloak behar dira irabazi ahal izateko, baina belarra biltzen hasitakoan ere ikusi zen garaipena beretzat izango zela.
Besteen artean, ordea, zalantza gehiago zeuden. Urrutia besteen atzetik geratuko ote zen errezeloa bazegoen, eta hori gero baieztatu zen, baina bigarren postu horretarako lehia ikaragarria izan zen, baita pisaketan ere, bi kilo eta erdik eman baitzioten Arteagari sailkapena.
Amaieran, garaipena Gabirondo II.ak lortu zuen, guztira 1.687 kilo ebakita. Bigarren Arteaga sailkatu zen, 1.454,5 kilorekin; hirugarren, berriz, Pardo 1.452rekin; eta laugarren Urrutia, 1.137rekin.
Bigarren multzoan Esnaola zen faboritoa, Legorretakoak ez zuen inongo hutsik egin. Horien lana ere aurreneko multzokoen berbera zen, eta hor ere aurreneko biek eskuratuko zuten finalerako txartela. Legorretakoa izan zen onena eta guztira 1.525 belar kilo ebaki zituen. Etxeberria sailkatu zen bigarren, eta hau ere finalera sailkatu zen. Berak 1.450,5 kilo moztu zituen. Hirugarren izan zen Merkader, 1.315,5 kilorekin, eta Irazustabarrena, azkenengo, 1.186 kilorekin.
Atzoko saioak beste berri pozgarri bat ere utzi zuen, Iñigo Merkader berriro ere lanean ikusi baitzen. Gaixotasun batek jota, iaz ezin izan zuen parte hartu, baina aurten berriro ere lehiaketan da, eta dudarik gabe hori izan da aurtengo berririk onena. Ez zuen finalerako sailkatzerik lortu, baina bera berriro lanean ikusteak atzo zale guztiak poztu zituen.

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
