Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Barkamena

Donato Ndongo-Bidyogoren ibilbideaz eta engaiamendu politikoaz hitz egiteko aukera izan nuen behin Michael Ugalde ikertzailearekin. Ekuatore Ginean espainiar kolonialismoak izandako eragina bere nobeletan agertzen den moduaz idatzi du Ugartek, eta laguna ere badu Ndongo-Bidyongo. Ordutik pista galdua nion idazleari. Ahoan bilorik ez du idazleak kolonialismoa azaltzeko orduan. Zergatik izan beharko luke bestela? Baina batzuk ez daude Ndongo-Bidyogok esateko duena entzuteko prest, euskaldunak tartean daudenean bereziki. Besteak dira kolonizatzaile; gu, sekul a santan ez. Komentarioen atalean Ndongo-Bidyogori egindako elkarrizketa batek esan bezala, kolonizazio prozesuetan ibilitako euskaldun haiek frantziar eta espainiar inperioren esanetara aritu ziren.

Haien ondorengoek, arbasoek eraikitako inperiotxoen magalean bizi diren horiek, Hego Amerikatik Filipinetara zabaldu dituzten euskal etxeetara joaten diren horiexek, seme-alabak Euskal Herrira bidaliko dituztenak ama lurra ezagutu dezaten, horiek ere parte hartzen dute indigenen esplotazioan. Ezin esan orain frantziar eta espainiar inperioen menera ari direnik. Baina akaso komentario egileak esango du ez dela euren errua mundua hain kakazturik egotea. Zer esan gure egungo jarduerez, Asian lantegiak zabaltzen tokikoak, ez bakarrik agintariak, onuradun izango ote diren galdetu gabe? Edo “besteen” ekintza kolonizatzaileei oraindik ere ateratzen diogun etekinaz, nor da horren guztiaren erantzule?