Amalur ARTOLA
KANBO

Euskal arte garaikidearen hiru adierazle batu ditu Arnagak

Jose Antonio Sistiaga margolariak eta Iñigo Arregi eta Jesus Echevarria eskultoreek Kanboko Edmond Rostand museoan bateratu dituzte euren sorkuntzak. Urriaren 16ra bitartean, euskal arte garaikidearen isla bilakatuko da «Arnaga 2016» erakusketa.

Edmond Rodstand museoaren proposamenez iritsi zitzaien Jose Antonio Sistiaga, Iñigo Arregi eta Jesus Echevarriari museoak eskaintzen duen ingurune paregaberako erakusketa bat osatzeko aukera. «Baietz esan genuen, noski, Arnaga jauregiak eta bertako lorategiek aukera asko eskaintzen dituztelako», azaldu du Arregik. Berariaz erakusketarako sortutako obrak eta azken bi urteetan sortu dituen pieza monumentalak eraman ditu Arnaga jauregiko lorategietara eskultore arrasatearrak.

Sistiagak, bere aldetik, tamaina ezberdinetako berrogei pintura –tartean 4x2 metroko margolan bat ere bada– jarri ditu jauregiaren barnealdean eta, horiez gainera, fotogramak eskuz margotuta egin zituen pelikula esperimentalak ere emango dira erakusketa ikusgai dagoen artean, urriaren 16ra bitartean. Azkenik, Echevarriaren brontzezko piezek hartuko dute Arnagaren inguruko hariztia.

Erakusketa prestatzeko proposamena iritsi zitzaionean, begia eraikinaren kanpoko lorategietan jarri zuela azaldu du Arregik. «Ez da ohikoa lanak aurkezteko horrelako espazioak edukitzea, eta erabaki genuen lan handiak eramango genituela, ingurune paregabea baitago horiek aurkezteko». Horrela, guztira hogeita bost eskultura ezarri ditu museoaren kanpoaldean. Guztiak daude korten altzairuzko xaflez eginak, eta hiru lau metroko garaierara eta bost tonako pisura iristen dira. «Lana eta buruhauste asko eman dizkigu honaino garraiatzeak», ziurtatu du Arregik.

“Arnaga 2016” izena duen erakusketa hau osatzeko Donostia 2016ren partaidetza izan dutela gaineratu du. «Beraien asmoa mugen arteko zubiak eraikitzea da, eta museo honetatik urtero 100.000 pertsona pasatzen direla kontuan hartuta», ideia horretan sakontzeko aukera aproposa zela uste du.

Sistiaga, Echevarria eta Arregiren lanak museo berean baina eremu ezberdinetan egongo badira ere, eskultoreak hiruren obren arteko lotura bat badagoela uste du: «Sistiaga egun erreferentzia bat da eta egia da estetikoki gure lanek ez dutela zerikusirik, baina bera Gaur Taldearen partaide izan zen eta nik harremana izan dut talde horretan ibili zirenekin; leku askotan gerra-ondorengo euskal eskultura garaikidearen oinordekoa naizela esaten didate, eta uste dut Sistiagaren margoak eta nire eskulturak ikusita, euskal mundu horren isla ikus daitezkeela», azaldu du. Sistiaga eta Arregiren ekarpena Echevarriarenarekin osatzen da; 60ko hamarkadako euskal arte abangoardistaren kide aktiboa da, eta haren brontzezko piezek hartuko dute Arnagako hirugarren espazioa, hariztia.

Arregik eskulturarekiko pasioa Oteizatik datorkiola azaldu du: «Nire lehen erreferentzia izan zen, harekin ezagutu nuen arte mundua, berarekin lanean ere egon nintzen... Ikusi duzunak eragina du beti zugan, eta nire obrak puzzle gisakoak dira, barrutik hutsak, baina ez du zerikusirik haren kontzeptuekin».