Politikarak, koloreen sortzaile
Lurrikarak hor dira, hemen eta han, lurra, lurtarrak barne, ikaratzen, noiz edo noiz. Gogora ekartzen, astinaldian, Lur dinamiko batean bizi garela, lurtar asko bizitzen baino bizirik irauten saiatzen diren arren, sorterritik urruneko erbestean saiatu ere, sarri. Horregatik maite ditut lurrikarak, lantzean behin gure arduragabekeria ezkutua astindu eta azaleratzen dutelako, krisian jartzen gaituztelako, maiz krudelean jarri arren; baina orduan ere arazoa ez da lurrikararena, lurraldean bizi den jendarteak horri aurre egiteko duen moduarena baizik. Oker ez banago, erresilientziaren paradigma berrituarekin dago hori lotuta.
Lurrikarak berezkoak dira, naturazkoak. Politikan ere badira, izan; politikarak, moketazkoak. Derrepenteko zalaparta sortzen dutenak, nahasmenean aztoramendua eta asaldura lagun direla. Ikaratu egiten du horrek politika, jesarlekuak eta bankuak; beharbada, jendea eta jendarteak baino gehiago ikaratu ere. Hain dira aparteko munduak! Astindu guztiek dute, politikan ere, aurretik abisatzen; kontua, ostera, seinaleak ondo ulertzean datza, soziologian. Tsunamiak berak ere ez dira bat-batean gauzatzen. Ezustekoan harrapatzeak ez du esan nahi ustekabekoak direnik. Usteak ustel, berriro ere.
Tira, europen harira! Zenbat buru mota, hainbat Europa! Koloreen dantza bizia izango da aurrerantzean kontinente zaharraren mapa margotzean, kolore berriak ere asmatuko direla, eta ez halabeharrez lehendik ziren kolore nagusien nahasketaz. Berriak. Bestelako ortzadarra jomugan. Gauza bat oso argi geratu da egunotan: geroa ez dago idatzita! Inon ez. In-out. Ekin, ekout. Hori bai, papera hortxe dago, zuriz; aurrera begirako idazleak behar dira... betaurreko progresiboekin, eta erresilienteak beti ere.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
