Idoia ERASO

Lekorneko zolan, herri eta feminismoaren zirimolan

«Sorgin zelaian, gurea asma» lelopean iraganen da aurten Euskal Herria Zuzenean festibala Lekornen, uztailaren 1, 2 eta 3an. Feminismoak toki berezia izanen du Puntu Ubela gunearen sorrerarekin. Burujabetza eta giro herrikoia ere indartuko dituzte.

Lekorneko zolan, Garro gazteluaren begiradapean, aurten ere izanen da zer entzun, zer goza eta zer josta. Belaunaldiz belaunaldi aitzina doa festibala, gizartea bera bezala, garatzen doa gazte gogotsuen eskutik. Talde bakoitzak, gizaldi ezberdinek, bere ukitua eta borrokak ematen dituzte aitzinera. Arrosako zolan «euskararen garra lokarri azkarra, gau ilun honetako artizarra» izan bazen, hori oinarri hartuta borrokak garatu egin dira Lapurdin. «Oraina eta geroa ez dira berez», baina ez dira berdin, lehengotik abiatuta feminismoak eta giro herrikoiak hartu baitute lehentasuna aurten.

Brigada Ubelak eman dio emakume eta gizonezkoen arteko eskubide berdintasunaren aldarrikapen kolorea EHZri. Azken urteetako dinamika garatu egin da eta aurten toki fisiko batean islatuko da: Puntu Ubela. «Bertan feminismoa defendituko da, baina ez soilik, diskriminazio mota guztiak aipatzen ahalko dira». Antolatu dituzten bi ekimenen bitartez ikuspegi pedagogiko eta entretenimenduzkoa landu nahi dituzte. Ipar Euskal Herriko feminismoari buruz hitz egiten duen “Sukaldetik plazara” dokumentala aurkeztuko da, bertan parte hartu duten emakumeen hitz-hartzeekin. Bestalde Ferekatze Tailerra izango da, Gasteizeko Euskal Herriko Unibertsitateko talde feministarekin egindako elkarlanari esker.

Erasoei erantzutea ere izanen du helburu guneak, eta horretarako protokolo berri bat ezarri dute plantan. Orain arte horiei erantzuteko festibala bukatu zain egoten baziren, hemendik goiti bestela izanen da. «Aurten eraso ezberdinei erantzuten ahalko zaie, eta sekula bortxaketaren bat baldin bada, festibala geldituko da eta arduradunak agertokira joanen dira eta agiri bat irakurriko dute», azaldu zuen Pauline Guelle EHZko presidenteak.

Mundu herrikoia

«Munduko erronkak, herrien borrokak bildu gara, hausteko zapalkuntzen sokak», zioen lehen edizioko kantuak, eta 2016koan ere horren erakusle diren ideiak eta ekintzak hedatuko dira. Kurdistango emakumeen egoera edo Notre Dame de Landeseko gune askeak burujabetzerako hartu duen bideari buruko hitzaldiak antolatu dira. Urtetik urtera jaialdiaren arima definitzen eta garatzen joaten dira trukeekin; ideiak integratzen joaten dira, eta horietako bat da burujabetza indartzea. “Sorgin zelaian, gurea asma” leloa hautatuz hori nabarmendu nahi izan dute.

«Herrikoia» da antolatzaileek gehitu nahi duten ezaugarri berrietako bat. «Nahi dugu igandea herrikoia izatea, familia guztia gomitatu eta ez soilik gazteak», azaldu zuen presidenteak. Delibero hori bi norabide estrategikotan nabari da. Alde batetik, prezioaren apustua egin dute, iaz eguneko pasea 18 euroan zen eta aurten igandean 10 ordainduta sartzen ahalko da, eta 14 urtez azpiko gaztetxoentzat urririk izanen da.

Bestalde, aspaldi indartuta zegoen eguneko programazioan gaztetxoenentzako eskaintza aberastu da: «Denei irekia egotea nahi dugu, prezioa ez dadila inorentzat oztopo izan. Gainera, tailerrak egiten ditugu haurrentzat eta gurasoek bitartean badute parada besta egiteko. Proposatzen ditugun ikusgarrietan haur eta gurasoentzat direnak badira». Horien artean dugu igandean ikusi eta entzun ahal izango diren Kukairen ikuskizun berria, Gozategiren kontzertua...

Gaueko programazioa zainduz egunekoari eman diote tokia, eta horrela aurtengo protagonista berriz ere besta izanen da EHZn: «Dantza eta irria, kantuz eguzkia, egun honetan zoriontsu da Euskal Herria».

 

Musika ere engaiatua izanen da, Argentinatik islandiara, euskal herritik pasatuta

«Iaz bihurgune musikala hartu genuen. Erran genuen festibala ez zela bakarrik musikaren gainean egina, horregatik kalitatezko taldeak nahi genituela ekarrarazi, eta ez baitezpada ere afixa-buruak. Aurten segitzen dugu hausnarketa horrekin», azaldu zuen Pauline Guelle EHZko presidenteak. Hautu horrek markatutako bidetik segituta, Euskal Herriko zein nazioarteko taldeak ekarriko dituzte.

Fermin Muguruza, Belako, Willis Drummond, Nina Coyote eta Chico Tornado dira etxeko gonbidatuetako batzuk, eta kanpotik Crystal Fighters, Nneka eta Mammut izanen dira, besteak beste. «Nazioarteko taldeak gonbidatzen ditugularik gure baloreekin engaiatuak direnak hautatzen ditugu, adibidez La Yegros argentinarrak azpimarratzen du emazteen borroka, gainera cumbia munduan», gaineratu zuen. I. E.