Aureli Argemi eta Paul Rios
CIEMENeko lehendakaria eta Kontseiluko idazkari nagusia
KOLABORAZIOAK

Bartzelonatik Donostiara, gizarte zibila giltzarri

Hizkuntzei buruzko legerien ezaugarri komun bat da hizkuntzak, normalean, askoz gehiago lantzen direla ikuspegi politiko batetik, hiztun guztien eskubideen errespetuaren ikuspegitik baino. Horren ondorioz, indarrean dauden botereei lotutako interesek kutsatuta dago munduko hizkuntzen egoera, batzuk oinarrizkoagoak eta beste batzuk baztergarriak, batzuk goretsiak eta beste batzuk gutxiagotu, baztertu eta debekatuak balira bezala kategorizatzen direlarik hizkuntzak.

Batez ere gizarte zibila izan da, urterik urte, egoera hori salatu eta konponbidea ekarriko duten alternatibak proposatu behar izan dituena. Orain dela hogei urte, adibidez, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zen handikiro, Bartzelonako Unibertsitatean. Nazioarteko Pen Klubak, munduko idazle elkarterik garrantzitsuenak, egindako dei bati erantzunez adostu zen Deklarazioko testua, eta kontinente guztietako adituek parte hartu zuten bertan, herrien eskubideen defentsan diharduen CIEMEN (Centre Internacional Escarré per a les Minories Ètniques i les Nacions) elkarte katalanak koordinatuta.

Deklarazioaren ezaugarrietako bat da hizkuntza-eskubideei lotuta dagoela estu-estuki. Ez du hizkuntza-politikei buruz hitz egiten. Hizkuntza-politikak hizkuntza guztien aldekoak gertatzen direla ziurtatzeko oinarriak finkatzen ditu, besterik gabe, inolako salbuespenik egin gabe eta, Giza Eskubideen Nazioarteko Deklarazioak (2. art.) agindutakoari jarraiki, hizkuntza-arrazoiengatik inor baztertzerik ez dagoela dioen printzipioarekin bat etorriz. Pertsonen eta pertsona horiek osatzen dituzten komunitateen berdintasuna eta duintasuna babesteko banakoen nahiz taldeen hizkuntza-eskubideak errespetatzea ezinbestekoa dela dio Deklarazioak, azken batean.

Deklarazioaren egileen helburuei jarraiki, hedapen handia izan du testuak: Unescon aurkeztu zuten, Parisen, eta NBEn, Genevan, Giza Eskubideen Mundu Kontseiluan. Abian da erakundeek Deklarazioa onartzeko bidea, baina batzuen errezeloak, beste batzuen presioek eta oraindik gai gatazkatsutzat hartzen den auzi hau agendan sartzeko nagikeriak oztopatu egiten dute Deklarazioa onartua izateko prozesua. Izan da aurrerabiderik, eta ez da itxaropena galdu behar. Beharrezkoa da hizkuntzek bizikidetza eta bakerako duten garrantziaz jabetuta dauden pertsona eta erakundeek lan horrekin jarraitzea. Deklarazioaren sustatzaileen asmoa da egunen batean Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren osagarri bihurtzea. Gizarte zibilaren konpromisoaren mende dago hori, hein handian.

Eta gizarte zibilaren konpromiso horri lotu gatzaizkio hurrengo urratsa egiteko, hain zuzen ere, duela hogei urte onartu zen Deklarazioak jasotako eskubideen egikaritzea nola egin behar den zehazteko. Horrela, Europa osoko hizkuntza gutxiagotuen dozenaka eragilerekin Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa idazten ari gara.

Egia da, bai, hizkuntza gutxituen egoera arras desberdina dela Europan zehar, eta horrexegatik prestatzen ari garen Protokoloak Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala du oinarri, duela hogei urte, lehen aldiz, pertsonen eta komunitateen arteko berdintasuna helburu izan baitzuen dokumentuak.

Tresna eragingarria izango da Protokoloa. Hainbat lantaldek garatutako adoste prozesuaren emaitza izango da eta ikuspegi zientifikoa, akademikoa eta gizartearen ikuspegia bilduko ditu. Hizkuntza gutxituen egoera irauli eta hizkuntza komunitateen arteko berdintasunean oinarritutako Europa eraikitzeko tresna sortuko dugu. Duela hogei urte Deklarazioak izandako helburu bertsua.

Are gehiago, elkarlanaren emaitza izango da Protokoloa; hain zuzen, hiztun berriak, espazioak edo tresnak sortzen dituzten eragileen, beren hizkuntzan bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenen, arteko ariketa. Europan inoiz egin den ariketa zabalena garatzen ari gara, dozenaka eragileren ekarpenez osatzen ari gara gizarte justuago eta orekatuagoa eraikitzen lagunduko duen tresna.

Zubia eraikitzen ari gara, elkarbizitzaren zubia, Bartzelonatik Donostiarako zubia. Finean, Europako hizkuntza-komunitate gutxituen edota beren hizkuntzan bizi nahi dutenen ibilbidea eta norabidea erakutsiko dituen zubia.