GARA
BOSTON

Ozono-geruza bere onera etortzen ari da estratosferan, zientzialarien ustez

Azken urteotako irailetan egindako neurketen arabera, ozono-geruzaren zuloak lau milioi kilometro karratu galdu ditu 2000tik, tamainarik handiena izan zuenetik. Zientzialariek «lehen sendabide zantzuak» identifikatu dituzte, «Science»-k argitaratu duenez.

Azken urteotako irailetan (urrian izaten du ozono gutxien geruzak) egindako neurketen arabera, ozono-geruzaren zuloak lau milioi kilometro karratu galdu ditu 2000tik, tamainarik handiena izan zuenetik alegia.

Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) zientzialariek ozono-geruzaren «lehen sendabide zantzuak» identifikatu dituzte Antartikan, “Science” aldizkariak argitaratutako artikulu batean kaleratu dutenez.

Zientzialari taldeak lehen aldiz erakutsi du leheneratze hori pixka bat moteldu egin dela, urtero sumendietan izaten diren erupzioen eraginez, baina, oro har, ozono-geruzaren zuloa sendabidean dagoela dirudi.

Ozonoa berreskuratzeko gakoa klorofluorokarbonatoen (CFC) murrizketan dagoela uste dute ikertzaileek. Garbiketan, hozkailu zaharretan eta aerosoletan erabili ohi ziren osagai kimikoak dira klorofluorokarbonatoak. 1987an munduko ia herrialde guztiek Montrealgo Protokoloa sinatu zuten, CFC gasak debekatzeko, ozono-geruzaren zuloa berreskuratu nahian. «Orain seguru dakigu egin ditugun gauzek sendabidean jarri dutela Lurra», esan du Susan Solomon MITeko Atmosferaren Kimikako eta Klimaren Zientziako irakasleak. Bera izan da lanaren egile nagusia. Atmosferaren, Lurraren eta Planetaren Zientzia Departamentuko Diane Ivyrekin eta Boulderko (Colorado) Atmosferaren Ikerketa Zentro Nazionaleko eta Leedseko Unibertsitateko ikertzaileekin batera egin du lan. Neurketek baieztatu dutenez, ozono-geruza abuztu amaieran hasten da urtero ahitzen, Antartika negu iluna atzean uzten doan heinean.