Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Justizia

Victor Jarari eskuak moztu omen zizkioten, gitarra jo ez zezan, gero mingaina, kantatzeari uzteko eta azkenean garbitu egin zuten, agian, atxilotuz betetako kiroldegi bateko aldagelaren batean, mekanikariren baten atzetik, bi ikasle eta abokatu baten aurretik, beste dozenaka lagun bere txandaren zain zeudela. Musika eta musikariak noraino ginen gogaikarri eta arriskutsuak orduan, hainbesteraino ezen militarrek leku pribilegiatua ematen baitziguten beren herio-zerrendetan.

Zeren eta Jararena bezala, zerrenda luzea egin genezake munduko hamaika bazterretan antzeko patua jaso duten musikariekin. Barka, bakarrik gure gremiotxo honetan zentratzea, alde batera utziz beste era guztietako sortzaileak; idazleak, antzerkigileak, margolariak... Baina badakizue, bakoitzaren begiradaren laburra. Gaur egun, aski dute kontzertuen debekua eskatu, artistak komunikabideetatik jazarri edota besterik gabe, autozentsuraren bidez ahazturara kondenatzearekin. Inork ez du eskurik odoleztatu behar, demokrazia miresgarria da.

Duela 40 urte akabatu zuten Jara eta oraintxe kondenatu dute militar txiletar bat haren heriotzagatik, hori bai AEBetan. Memoria eta erreparazioaren bideak oso bihurriak baitira. Baina, bueno, heldu da egun hori, eta pozik, berriro Victor Jaraz aritu direlako komunikabideetan. Ez noski merezi adina, gauza itsusiak baitira exekuzio hauek, eta beti egongo baita norbait, ordukoa gaur egungo Hego Amerikako egoerarekin alderatuko duenik. Baina hau ere izan daiteke, oraindik Jararen kantuek azkura eragiten dute, eta benetan, poztu egin naiz.