Ruben NIETO
BILBO

Eako Poesia Egunak, paisaiari bizia emateko hitzen topaleku

Dena prest dago Bizkaiko kostaldeko herrixka honetan urtero egiten diren Poesia Egunetarako. Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatutako aurtengo jardunaldi hauek paisaia izango dute hizpide, eta hiru egunez euskal sortzaileen lanak ezagutzeko elkargunea izango da. Egitarau zabala eta kalitate handikoa eskaini dute, eta horretan, poesiak ez ezik, bestelako kultur adierazpideek ere badute tokia.

Uztailaren 15etik 17ra izango den ekimena atzo aurkeztu zuen Eako Herrijeri Emon Arnasa kultur taldeak, Lutxo Egia, Mikel Inun, Erramun Mendibelanda, Iñigo Astiz eta beste hainbat artistak lagunduta. Aurten 13. edizioa izango du, “...eta paisaia hitz egin zen” lelopean, hastapenetik ezarritako asmoei eusten dio ekitaldiak. Antolaketa lanetan ibilitako Asun Landak aurtengo edizioan hizpide hartutako gaiaren zergatia azaldu zuen. «Eskatu diegu sortzaileei, bertoko sortzailei, euskaldunei, zer den eurentzat paisaia azaltzea. ‘Paisaia’ hitz bilakatu nahi genuen, paisaia postal hutsa izatetik harago zerbait dela pentsatzen dugulako». Literaturan eta artean orokorrean, zer garrantzia eduki duen aintzat hartuta, paisaia «idazleak eta irakurleak konpartitzen duten espazioa izaki» proposatu diete sortzaileei euren inspiraziorako ideia gisa.

Topaketa hau 2003an egin zen aurreneko aldiz. Urtero jende askok parte hartu du antolatutako hitzaldi, mahai-inguru, errezital eta ikuskizunetan. Poesiazaleek egutegian gorriz markatutako hiru egun hauetan, olerkiaren itsaso zabalean blaitzeko aukera dago, beste hainbat kultur ekitaldiren artean. Hala, hiru eguneko elkarbizitzan trukean aritzen dira idazleak zein herritarrak, hitzak, gogoetak, eztabaidak, aldarrikapenak, egitasmoak...

Aurtengo edizioari hasiera emateko, uztailaren 15ean, ostiralean, arratsaldeko 20.00etan Eskolondoko liburutegian Josu Martinez eta Iratxe Fresnedaren eskutik “Gure sorlekua fotogrametan” izenburupean solasaldia izango da. 22.30ean berriz, kantaldia eskainiko du D'Capricho bikote kubatarrak, eta euskarazko poesiak baliatuz “Andrazkubak” azken diskoa aurkeztuko digute.

Larunbatean, goizeko 11.00etan Eskolondoko liburutegian “Hiri hori da hiri hau” izenburuko hitzaldia eskainiko dute Lutxo Egiak eta Inun musikariak. Aurkezpenean azaldu zutenez, Bilboz, paisaiaz eta literaturaz jardungo dute. 13:00etan, berriz, Portusolon, Pako Aristiren eta Itziar Gomezen eskutik “Arrotz eta eder, poemak eta prosak” izeneko errezitala izango da. Eta Bedarona auzoan izango den herri bazkariaren ostean, 17.30ean, “Beltza nazela dineure” izenburupean errezitala izango da, non Euskal Herriko hainbat emakume sortzaileren poesia, musika, irudi eta hitzen bidez Angela Davisek idatzitako feminismo garaikideko obra klasikoa gurera ekarriko duten. Eskolondon, berriz, 20.30ean Celosamente Gordea, Napoka Iria eta Joseba B. Lenoir-ek “Ardoa eta odola (wino i crew)” ikuskizuna eskainiko dute. Eta azkenik, 22.45ean, Mursego eta Kalakan taldeen kontzertuak izango dira.

Topaketen azkeneko eguna Elurre Iriarteren “Landa eremua literaturak kontatua” hitzaldiarekin abiatuko da, Eskolondoko liburutegian goizeko 11.00etan. Iñigo Astiz, Gari eta Oier Aldekoaren eskutik kontzertua izango da 13.00etan Moilan, “Gaizki moldatzen dira” izenburupean. Eta herri bazkariaren ondoren, bukatzeko, “Babeserako kopia” errezitala eskainiko dute Goizalde Landabasok, Galder Perezek eta Ane Zabalak.

Aurtengo jardunaldia iragartzen duen kartela, berriz ere, Erramun Mendibelandak egin du. Bestalde, aurreko urteetako edukietan oinarritutako Zaldiarri7 izeneko liburuxkak Alaitz Aizpuru Joaristi idazlearen “Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean” izeneko lana jasotzen du.