2016/07/08

Kronika
ETA KULTURA AUTODETERMINATUKO BALITZ?
Herrigintza eta instituzioen arteko zubiak... edo amildegiak

Kultur ereduen gaineko ezein eztabaida abiatzerakoan, herrigintzatik datorren kultura eta instituzioetatik sustatzen dena kontrajartzeko joera dago. Bi eredu, oinarri ezberdinetatik abiatzen direnak eta helmuga ezberdina dutenak. UEUko ikastaroetan argi geratu zen ibaiaren korrontea astunegia dela oraindik.

Amalur ARTOLA
0708_kul_baiona

«Instituzioen erritmoak ez datoz bat kulturak behar duenarekin», salatu zuen Barcenillak

Kultur ereduez eta politikez eztabaidatzeko batu zituen Baionako Zizpa gaztetxeak, UEUren Udako Ikastaroen barruan, Joxean Muñoz Lakuako Kultura sailburuordea, Haizea Barcenilla arte kritikari eta komisarioa, Mikel Erramouspe EKEko lehendakaria eta Nerea Fillat Iruñeko Katakrak-eko ordezkaria. Baina ereduetan geratu ziren: ereduez (bere aniztasun osoan), bi ereduz (herrigintzarena eta instituzioena) edo ereduaz (guztiak batuko lituzkeen balizko ituna) hitz egin beharko litzatekeen; gai horrek hartu zuen eztabaidaren zati nagusia.

Sustrai Colina mahaiko gidariak bota zuen amua: gazte asanbladaren eta erakunde publiko baten deiak ekarri zituen lau hizlariak Baionara. «Hegoaldean gaztetxeak, oro har, politikoki instituzioetatik kanpo posizionatu ohi dira», esan zuen Barcenillak, eta erabaki horren atzean baliabideak jasotzeak erakundeekiko betebeharrak dakartzala azaldu zuen. «Uko egite hori bera bada interesgarria».

Erakundeekiko urruntasun horren beste adibide bat izan da, Fillat-en iritziz, Iruñea. «Orain ateak azaldu diren arren», elkarte eta sortzaileek Nafarroako hiriburuko Udalaren aldetik jaso duten bazterkeria salatu zuen. Erramouspek ereduen arteko zubiak eraikitzearen alde egin zuen eta Muñoz, aldiz, iraindua agertu zen «erakundeak zubiaz bestaldekoak direla, nonbait gu ez garela herrigintza eta kulturgintza egiten ari ulertzen delako». Kultura sailburuordearen iritziz, «eskema zaharkitu» horrekin amaitu beharra dago.

Barcenillak bi eredu horiek egon badaudela eta instituzioek herrigintzara hurbiltzeko zailtasunak dituztela berretsi zuen, «instituzioen erritmoak ez baitatoz bat kulturak behar duenarekin», nagusiki laguntza eta baliabideak lortzeko tramite burokratiko nekezak nabarmenduz. Muñozi arrazoia ematea besterik ez zitzaion geratu. «Makineriaren geldotasunak izutu egiten du, filtro eta zigilu asko daude, eta hor badugu konpontzen zaila den arazo larri bat» onartu zuen, baina aldi berean «malgutasuna edo bermea»-ren artean hautatu behar dutela, eta aukeran bermearen alde egiten dutela ziurtatu zuen, «guztiek behar dituztelako leku berera iristeko aukera berberak».

Makro eta mikro

Washingtoneko Smithsonian Folflive festibalean euskal kulturaz emandako irudia ere kritikatu zen saioan. Hori buruz, Muñozek esan zuen «horren gaineko erabakiak» diputazioen esku utzi zituztela; Lakuatik, Arantza Tapiak gidatzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak hartu zuen parte. Zentzu horretan, instituzioek «megajaialdi eta egiturak» hobesten dituztela salatu zuen Barcenillak, eta Fillatek «ukiezinak badiren edukiontziak» daudela gaineratu zuen. Muñozek hala erantzun zuen: «Botereak baino gehiago mugak dauzkagu, egunero kudeatu beharrak. Ezin dira Zinemaldia, Artium, jazzaldiak... kanpoan utzi». Mahaikideek kanpoan uzten diren beste zenbait adierazpide badaudela markatu zuten.

Ondorioa? Han bildu zen gehiengoaren iritziz, kulturaren ikuspegiaren gaineko gogoeta bat zabaldu beharko litzatekeela, behetik hasita, eta gero ebatzitakoa instituzioen makinerian integratu. Baita makineria olioztatu beharra dagoela ere.