R.S.
IRUÑEA

Lehena dotore joan da: lur bustia, karrika betea eta irudi bitxi ugari

Ezin hobeto hasi dira 2016ko entzierroak, dibertigarri bezain lasai. Salamancako 56 urteko gizon batek aurpegian hartutako kolpe gogorragatik ez balitz, bikain. Lehen entzierroak urduritasun berezia sortzen du beti, baita jendetza bildu ere. Atzokoa, gainera, zorua oraindik bustia zela korritu izan zen, ordu txikietan Iruñea gainean tanta batzuk (ez gehiegi) erori zirelako. Kezkatzekoa zen hori guztia. Fuente Ymbroko zezenak, bestalde, 2013. urteko jende pilaketari lotuta geratu dira eta superstizioaren lagunek bazuten horrekin kezka areagotzeko beste arrazoi bat. Gero, ordea, txintxo-txintxo jokatu zuten.

«Ufff!» egiteko trantze bakarra Zezen Plazako kailejoiaren hasieran suertatu zen. Eskuinera egin zuten tropelean zetozen hiruzpalau zezenek eta lurrera erori ziren, korrikalari batzuk adarren puntan geratu zirelarik. Gazte batek segundo bakar batean bi aldiz saihestu zuen adarkada; lehenik besoa inguratu zion zezen batek, eta segituan atzetik zetorren anaiak sorbaldan jarri zion berea, baina bietan haragia zulatu gabe.

Aurretik beste bi irudi bitxi-bitxi utzi zituen lasterraldiak. “Jazmin” izeneko zezen zuriak dirdira berezia eman zion goizari. Bera zen taldeko politena eta gainerako anaiei aurrea hartu zien une gehienetan, Estafeta kaleko bukaeran erori eta erritmoa galdu zuen arte. Hirurogei metro aurrerago lurrera joan zirenetako bat izan zen “Jazmin”.

Estafeta kalearen hasieran ere izan zen bitxikeriarik. Neska gonadun bat erori eta zezenen aurre-aurrean etzanda gelditu zen, gona altxatuta eta ipurdi bistan. Eta beste argazki xelebrea Zezen Plazako sarreratik gertu ikusi zen, besarkaturik korrika egin zuen bikotearena (gizonak neskari atzetik helduz). Zezena oso gertu izan zuten, baina horretan ere ez zen ezbeharrik gertatu.

Berehala baieztatu zen adarkadarik ez zela, eta erietxerako anbulantzia gutxi bidali behar izan zela. Lau zauritu aipatu ziren hasieran eta bosgarren bat gehitu zitzaion gero. Horien artean bat baino ez da kezkatzeko modukoa: arestian aipaturiko Salamancako gizona, buruko hezur bat hautsita baitu.

Ukrainar bat erietxera

Bost horien artean euskal hiritar bakarra dago, 66 urteko iruindar bat, Santo Domingo kalean kolpea jaso zuena. Larritasun gutxikotzat jo dute.

Erietxean artatu dituzten gainerako hirurek zauri arinak zituzten eta azkar itzuli ziren kalera: Telefonica aldean erorikoa izan ostean, 40 urteko madrildar bat artatu zuten. Udaletxe inguruan 36 urteko Castellóko gizon bat eraman zuten. Eta zauritu exotikoena 24 urteko mutil ukrainar bat izan zen, Telefonican kolpe bat hartuta anbulantzian sartu behar izan zutena. Horien artetik, castelloarra eta madrildarra mintzatu ziren kazetariekin. Batak zein besteak karriketan zegoen jendetzari egotzi zieten beren ezbeharra.

David Rodenas Castelló-ko korrikalariak ukondoan du zauri itsusi-itsusia, «oso sakona baita: tendoiak eta hezurra ikusten ditut». Hala ere, gaur bertan berriro korrika egin nahiko lukeela ziurtatu zuen. Francisco Javier Gonzalez Izquierdo madrildarrak, bere aldetik, hamabost urte daramatza Iruñeko entzierroa korritzen eta hauxe da erietxea zapaldu duen lehen aldia. Atzokoaren «azken metroetan jende gehiegi» zegoela iruditu zitzaion. Ohikoa da urtero uztailaren 7an eta ez dirudi gaur, bihar eta etzi korrikalarien kopurua txikiagoa izango denik.

Entzierroa hasi aurreko beste bi protagonista, lehen lasterketaren kronika hau osatzeko. Bezperan jaien irekierako suziria jaurti zuen Tulik ez zuen Santo Domingora jaisteko aukera galdu eta bertatik bertara entzun zuen duela hamarkada ugari berak asmatu zuen kantua, orain erdaraz ez ezik euskaraz ere abesten dena. Eta Joseba Asiron alkateari egokitu zitzaion ibilbidea ikuskatzeko ardura, arratsalde partean bera baitzen zezenketaren presidentea.