Esti EZKERRA
Literatur kritikaria

Eid

Ramadan bukaera ospatzen duten mezuek beteta zeuden sare sozialak iragan asteazkenean. Eid Mubarak. Egun osoan denek batera prestaturiko janaria elkarrekin jan zuten arratsaldean. Ohitura komuna eta komunala. Atzerrian egindako lagunen bitartez izan nuen lehen aldiz eid ospakizunen berri. Bikotekidearen harriduraren aurrean, nire erantzuna izan ohi da unibertsalizatu egin diren zenbait ospakizun katoliko kenduta etxean, ozeanoz bestaldeko lur eremu horretan, ez dudala halakorik ezagutu. Gainera, ez naiz erlijiosoa batere, katolizismoa oso presente egon bada ere nire bizitzako hainbat arlotan. Bikotekidea bera ez da erlijiosoa, baina batxilergo zein unibertsitate garaian ohikoa zuten, berak eta bere lagunek, hindu, kristau, zein musulmanentzat seinalatuak ziren datak ospatzea. Erlijiosoa baino gehiago kultur ariketa zen haiena. Janaria denen artean prestatu eta elkarrekin jatea, haien arteko adiskidetasuna ospatzeko modu hoberik ez zen haientzat. Data seinalatu horietatik kanpo ere elkarrekin kozinatzea ohitura arrunta da berean. Etxean kozinatzeko modu komunalak ezagutu ditut, hori bai, genero bakoitza bere aldetik, sukaldean emakumezkoak, txokoan gizonezkoak. Ez dakit, ordea, espiritua bera ote den. Antigoaleko kontua dirudi horrek, kozinatzearenak. Kapitalismoa atera da horretan garaile. Pentsatzea ere garaipen txiki bat bezala bizi izan nuela kanpoan jateko aukera izan nuenean, gurasoek ez gintuztelako inoiz jatetxeetara eramaten diru aldetik beti estu genbiltzalako.