Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Hutsa betea denean

Batzuetan, argazki batean adierazgarriena ageri ez dena da. Batzuetan, diskurtso batean zuzenena esan barik utzia da. Batzuetan, testu batean esanguratsuena lerroen arteko hutsunea da. Batzuetan, politikan zentzuzkoena politiko hartzen ez dena da. Batzuetan, gehienetan ez esatearren. Tira, argazkira! Udal balkoiak hainbat masta, eta masta bakoitzak oihal bana. Bakoitzak? Ez, masta bat umezurtz zegoen, koloreen murrizketagatik, huts. Kolpea hala ere, berak jaso baitzituen begirada gehienak, ezker-eskuin. Huts hura edukiz betea zen seinale; begien aurrean betea ziruditen masta batzuk hutsaren hurrena ziren bitartean, protokolo hutsala. Sinbologia bera ulertzeko ikuspegi berriak diren adierazgarri; foku biko betaurrekoak behar, balkoiak ulertzeko.

Beharbada, gerora begira, masta huts gehiago beharko dira, inportanteagoa izanda masta bera inguruko egurrez egina izatea. Bafleak ere izango dira balkoiaren muturretan, seguruenik kable bidezko segidarik gabe; hutsak ere. Beharbada, unean une plazan den jendeak erabakiko du zer doinu jarri, zenbat luze, eta zein koloretako mastapean. Balkoiaz barrura, batzar aretoan, aulkiak ere huts; ezbaian den gaiaren arabera beteko direla aulkiok, ezer esatekorik duten guztiek jesarri ahalko dutela, burua, han.

Gauza asko dira aldatze bidean. Pertzepzioa bera ere. Kontuak atera! Pertzepziotik atera, esan gura dut; eta kontu berriak sartu! Pertzepzioan. «Pertsonak helburu» lelo duen administrazio publikoak «pertsonak helbide» noiz hartuko zain egon gabe. Bidean ibili behar, osasunez. Aho batez onartu berri dute Legebiltzarrean hiltzeko orduan gaixoen borondate librea bermatzearena. Falta dena, ostera, beste lege hau da, bizitzeko orduan pertsonek ez gaixotzeko duten borondatea bermatzearena. Hori ez da aho batez izango, seguru!