Jon Garmedia
Idazlea

Atunean tun-tun

Atuna dabil Lapurdiko itsas hegian garai honetan, eta arrantzaleak haren xerka dabiltza itsasoan. Gorria atzeman dute nire lagun batzuek, eta biziki preziatua da haren haragia, anitz omen da aurten gainera, baina kuota jakin bat baino ezin dute arrantzatu; eta zorrotza da legea horretan, erranen dut arrantzale baino jendarme gehiago dabilela bizi naizen tokiko portuan. Gorri gehiago arrantzatu ezin dutenez atun zuriaren xerka ateratzea bururatu zaie arrantzaleei, eta hartan dabiltza jo eta su. Bitartean, portuan, Ziburu eta Donibane Lohizunen, festa egiten dute atunaren omenez, arrantzaleen izerdiak plazera dakar lurrera, eta tira, asteburu honetan iragan da aspaldidanik egiten den atunaren festa. Herritarrak karrikan eta turistak nonahi, jendetza. Atuna plantxan, piperrada, gateau basque eta edari bat, hori dio menuak, hala mintzo da atun festaren kultura. Baina ezin ahantzi Frantzia Eurokopako finalera sailkatu dela eta hara! atun gorri eta zuriaren koloreari urdina batu zaio, Frantziaren hiru koloreko ikurra osatuaz. «Jasanezina da giroa, jendea bandera ttipiak eskuetan hartuta ‘allez les bleus’ oihuka, badirudi futbolak baino ez duela jendea alaitzeko ahalmenik», aitortu dit Marie Josek, bizilagunak. Zorionak ez duela kalterik egiten erantzun diot nik, eta «mundua konpondu dugula dirudi, eta ez da hala, zoriona norentzat?». Toma. Isildu naiz. Atun gisa arrantzatua, ahotik.