Markel IRIZAR
Trek - Segafredo taldeko txirrindularia

Coffe ride

GARAko «zutabegile» moduan nabilen zazpi urteetan ez zitzaidan sekula lehenago gertatu. Ordinon bukatu zen etapa izugarrizko beroarekin hasi genuen Vielhan. Andorrara iritsi baino kilometro gutxi lehenago, izotz poltsak jartzen ari ginen gure maillot barruan. Baina bat-batean, eguna gau bihurtu zen. 40 minutu lehenago izotz bila kotxera joaten baginen ere, Andorrako kaleetan barrena ginela, kazkabarra eta euria zirela-eta izotza barra-barra erori zitzaigun gainera eta izoztuta iritsi ginen Ordinoko gainera. 

Hain iritsi ginen hoztuta eta «jodiduta», non hotelera bizikletan jaitsi beharrean, taldeko furgonetan jaitsi ginen. Eta hain zen handia zegoen «ataskoa», non dutxatu, masajea hartu eta afaltzera jaitsi nintzenean ia gaueko hamarrak zirela, eta horrez gain, familia zain nuela. Beraz, afaldu, eta nituen 30 minutu libre horiek familiarekin egoteko aprobetxatu eta zutabeari txanda pasa egin behar izan nion azken zazpi urteetan aurrenekoz. Horrexegatik, lehenik eta behin, egunero zutabeak irakurtzen dituzten irakurle fin guztiei barkamena eskatzen hasi nahiko nuke. Behin barkamena eskatuta, eta atseden eguneko lasaitasunetik begiratuta esan liteke ekaitzaren ondoren barealdia datorrela.

 Gaur atseden eguna iritsi, eta lasterketako estres guztiak alde batera geratu dira.  Atseden egunean, lasai-lasai hamaikak aldera ekin diogu gure coffee rideari. Euskal Herrian ez dira oraindik hain ezagunak eta ohikoak, baina atzerrian azkenaldian oso popularrak egin dira coffee rideak. 

Bere izenak esaten duen moduan, bizikletan ibiltzean, kafe bat hartzeko geratzea baino ez da coffee ride bat. Txirrindularion artean oso hedatua dagoen ohitura bat da. Askotan, gure entrenatzaileek atseden egunari coffee ride deitu, eta pare bat orduko buelta bat egiteko aukera ematen digute. Eta hain dugu atsegin kafe bat hartzea, non esan nezake, gaur segur aski pelotoiko %90ek egingo zuela bere geldialdia entrenamendu erdian. 

Niretzat, txirrindularitza eta kafea bizitzako plazer handienetarikoak dira, eta lasterketa batetik etorrita, haurrak ikastolan utzi eta Alaitzekin kafe bat hartu ondoren grupetakoekin entrenatzera irten eta beste kafe bat hartzea baino gustu handiagoa gauza gutxik ematen didate. Eta are plazer handiagoa da ospatzeko zerbait berezia dagoenean. 

Gaurkoan taldeak eman du argitzera datozen bi urteetan bertan jarraituko dudala eta normalean horrelako berri onak ditugunean, kafeak palmera goxoz «kondimentatzen» ditugu. Beraz, ez arduratu grupeta, hurrengo geldialdia neure kontu, zeren Oñatin esan ohi dugun moduan: «dana inda xauk!!!!».

Ba horrelaxe, laster arte, atseden eguneko relaxetik agurtzen zaituztet.