J.L.
Sega

Jon Kanflankak aurreikuspen guztiak bete, eta Nafarroan nagusi jarraitzen du

Aurreikuspen guztiak bete egin ziren, eta Jon Kanflankak irabazi zuen herenegun arratsaldean, Azkaraten, Nafarroako txapela. Amaieran 287 kilo kendu zizkion Berakoetxeari.

Leku paregabean jokatu zen Nafarroako final hau, iazko bera, eta eguraldia ere oso ona izan zuten lanean aritzeko. 150 ikusle inguru batu ziren Nafarroako bi segalarien lana bertatik bertara jarraitzeko. Belarra handia zegoen, azpitik zahartzen hasia, eta ebakitzeko ez horren erraza, apur bat nahastuta baitzegoen.

Jon Kanflankak hasieratik hartu zion aurre Berakoetxeari, eta lehen saila amaitzerako ilara bateko zuloa egin zion. Lehen sailetan eutsi zion Berakoetxeak aurkariari, baina erdialdera nekea ere sumatzen hasi zen Gorritikoa, eta Leitzakoak ihes egin zion. Zuloa ez zen handiegia, baina bai nahikoa garaipena lortzeko, nahiz eta hemen sailak pasatzea ez den kontua, kiloak lortzea baizik.

45 minutu pasatu ostean, segalariek lana amaitu zuten eta behin biltzaileek eurena amaitu ostean ikusi zen Kanflankak irabaziko zuela. 1.584 kilo belar moztu zituen, eta Berakoetxeak, 1.297 kilo. Zigorrengatik 20 kilo ere kendu zizkioten Gorritiko segalariari. Orain bi segalari hauek, Gipuzkoakoekin batera, Euskal Herrikoa jokatuko dute.

Honi buruzko guztia: Sega