Rober Gutierrez
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria
KOLABORAZIOAK

Elkar argituz

Zalantzarik eta konplexu izpirik gabe, harro egoteko moduko ibilbidea da Bai Euskarari elkartearena, eta pozik egoteko modukoa da Bai Euskarari komunitatea osatzen duten Euskal Herri osoko milaka entitatek urte hauetan eragin dutena. Ez dezagun ahantz horixe dela gure helburua, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea, lan mundutik hasi eta gizartearen gainerako espazioen euskalduntzean eragitea. Ez da, ez, lan makala. Urte hauetako lan eredugarri eta haien borondatezko konpromisorik gabe, nekez egongo ginateke oraingo egoeran. Eragin dugu. Eragiten ari gara eta eragiten segituko dugu.

Alor sozioekonomikoaren espazioetan euskalduntzearen eragiteari begirako proiektuak lantzen eta sortzen ari gara, gure azken hausnarketa estrategikoan zehaztu bezala. Bai Euskarari Ziurtagiri, Enpresarean enpresa eta profesionalen sare eta Lansarean lan-atariarekin batera, gaurkoan nabarmendu nahi dut azken adibidea, “Lanabes - Araban Euskara Lanean” proiektua, ekainaren erdialdean aurkeztu zena eta 2015etik elkarlanean garatzen ari garena Arabako beste hainbat eragilerekin batera (Arabako Foru Aldundia, SEA, Arabako Merkataritza eta Industria ganbera, Merkataritza Federazioa, Oreka IT, Electra Vitoria eta Laneki). Praktika honek erakusten du denon inplikazioa behar dela lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurriak erabaki eta eraginkortasunez aplikatzeko. Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzeko helburu partekatuarekin ari gara denok lanean. Elkarri aitortuz bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten, elkar argituz.

Berriki, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan, “Hitzargiak - Elkar argitzen duten hizkuntzak” izeneko egitasmoaren topaketak burutu ziren eta bertan, Lanabesekin batera, Ziurtagiriaren Elkartearen beste bi proiektu aurkeztu ziren, Europako adituen aurrean: Bai Euskarari Ziurtagiria eta Enpresarean. Jardunbide horiek berritzaileak, egokiak, arrakastatsuak edota eredugarriak dira, bai gure komunitatearentzat, baita beste hainbat hizkuntza edo hiztun komunitaterentzat ere. Jardunbide egokiak ezagutzeak eta baliatzeak ondorio biderkatzaileak izan ditzake: esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake, eta, eraginkortasuna sendotu. Elkarrekiko aitortza, egindakoa balioestea, urte hauetako lorpenak babestea eta ekarpena etorkizunerako baliatzea. Urte hauetan zerbait ikasiko genuen, ezta?

Ibilbide arrakastatsu eta eredugarria dute, zalantzarik gabe, aurten Bai Euskarari sariak jasoko dituztenek. Euskaraz lan egin eta euskaraz bizi daitekeela erakusten digute aurtengo saridunek. Gure etorkizuna euskaraz pentsatu eta eraiki behar da... Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka. Lan handia dugu egiteko, baina ereduak baditugu. Gure komunitatearen ongizatean eragingo dugu esperientziak trukatuz eta elkarrekin lan eginez. Azken batean, elkar argituz.