Maider IANTZI
DONOSTIA

Europaren zain, bankuek zoru klausulak aplikatzen segitzen dute

Zoru klausulen auzian Europako abokatu orokorrak, Paolo Mengozzik, Espainiar Auzitegi Gorenaren doktrina babestu du, eta, berarekin, bankuak. Doktrina horrek dio bezeroek ez dutela eskubiderik 2013ko maiatzaren 9aren aurretik klausulon bidez kobratu zieten dirua berreskuratzeko. Behin betiko epaia falta da.

Hala azaltzen du Joseba Salegi Legalkiko abokatuak zoru klausulekin gertatu dena: mailegu bat eskatzen duzunean kontratu bat sinatzen duzu bankuarekin, interes finko edo aldakorrekin. Aldakorrak hautatuz gero, apustu egiten duzu, eta hitzartutako indizearen eboluzioaren arabera (normalean, Euriborra) ordaintzen duzu. Gora egiten badu, gehiago ordaintzen duzu, eta behera badoa, gutxiago.

Hala, bankuarekin hitzartzen duzu interesengatik Euriborra gehi diferentzial bat ordaintzea. Demagun Euriborra 1ean dagoela; puntu horri bankuarekin adostutako diferentzial hori erantsi behar diozu.

Abokatuaren esanetan, bankuek 2008an bazekiten Euriborrak behera eginen zuela eta horren aurrean «hainbat tresna asmatu zituzten beren irabaziei eusteko. Tresna horietako bat da zoru klausula (badaude beste batzuk: swapak, IRPH indizea, multidibisa hipoteka...)». Zoru klausulak muga bat jartzen dio Euriborraren jaitsierari. Euriborra hortik behera iristen bada bezeroak ez du jaitsiera horren inongo onurarik izanen.

Orain Euriborra zero azpitik dago. «Hori ez da inoiz gertatu, eta baloratzen ari dira, Euriborrari diferentzial hori gehituta tipoa zero azpitik gelditzen bada, bankuak zordunari dirua ordaindu beharko dion ala ez».

Zoru klausulak kaltetutako pertsonek demandak jarri zituzten, ez zituztelako klausulok gardentzat jotzen eta kontratuak sinatu zituztenean ez zietelako horien berri eman. Demanda horiek Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi ziren 2013an, eta honek klausulak debekatu zituen maiatzaren 9an, baina ez guztiak, auzitegira ailegatu ziren hiru bankuenak soilik (BBVA, Cajamar eta Novacaixagalicia). Abokatuak azpimarratu duenez, ez zen agindu orokorrik izan, eta bertze bankuek defendatu zuten beren klausulak legezkoak zirela.

Justifikatu gabeko argudioa

2013ko maiatzaren 9ko epaiak data horretatik aitzinera aipatutako hiru bankuen zoru klausulak ezabatzeko agintzen du, baina zer gertatzen da bezeroek ordura arte galdutako diruarekin? 140 orriko sententziak azalpen laburra ematen du: klausula gaizki egon zen, baina bankua bezeroari bere dirua itzultzera kondenatuz gero «ekonomiak kalte larriak jasanen lituzke» (hala dio hitzez hitz).

Salegik nabarmendu du baieztapena ez dela inongo ekonomialariren txostenetan oinarritzen eta bankuek ez dutela dirua itzuli behar ebaztea «aberrazio juridiko bat» dela.

Kaltetutako pertsonek borrokan jarraitu zuten eta joan den urteko martxoaren 25ean Auzitegi Gorenak 2013ko sententzia aztertu zuen. Doktrina bat ezarri zuen: bezeroek ez dute 2013ko maiatzaren 9a baino lehen kobratu zieten dirua berreskuratzeko eskubiderik, baina momentu horretatik aurrera galdutakoa berreskuratzekoa bai. Hainbat epaitegik zalantzan jarri zuen doktrina eta Europari galdetu zion. Kaltetuek esperantza handia zuten jakiteko Europar Batasuneko abokatu orokorrak zer erraten zuen eta gero, urte bukaeran, Europako Justizia Auzitegiak behin betiko zein epai emanen duen. Kasuen %70etan abokatu orokorrak erraten duena erabakitzen du gero auzitegiak. «Halere, posible da hala ez izatea, abokatu orokorraren irizpideak ez direlako defendagarriak. Bankuak tartean sartu dira. Oso larria da».

Adibidez, 93/13 Direktibak abusuzko klausulek ez dutela kontsumitzailearengan eraginik izanen erraten duenean, etorkizuneko aditz denbora erabiltzen duenez hortik ez dugula zertan ordura arteko kalteak konpondu behar direla ulertu dio abokatu orokorrak.

Salegik salatu duenez, aipatutako hiru bankuek ez baina gainerakoek zoru klausulak aplikatzen jarraitzen dute, gainera, bezeroei «tranpak egiten» saiatuz. Errate baterako, kontratu bateko letra txikian jartzen dute, bezeroari jakinarazi gabe, honek ez duela bankuaren kontrako erreklamaziorik aurkeztuko. Informazio gehiago lortzeko: http://www.legalki.eus.

Etxerik gabe, ezin demanda jarri

2008-2009tik aitzinera interes aldakorreko mailegua sinatuta apustu egina zuten bezeroak konturatzen hasi ziren indizea jaitsi ahala inguruko jendea hipoteka txikiagoa ordaintzen ari zela baina beraiek berdina ordaintzen segitzen zutela. Zergatia zoru klausula zen, baina eurek ez zekiten eta ez zuten ulertzen. Demandak jartzen hasi ziren, kontratua sinatzean klausula honen berririk jaso ez zutelako.

Joseba Salegi abokatuak azaldu duenez, «bankuek dirua lapurtu dieten» pertsona hauek normalean aurre egin diezaiekete hipotekei diru iturri nahiko dituztelako edo adostasuna lortu dutelako bankuekin, baina badaude bertze lagun aunitz zoru klausulen erruz epaitegian bukatu dutenak, mailegua ordaindu ezinda. «Bestela ordaintzen ahalko lukete, baina zoru klausularekin ez, eta honek bai suposatzen duela etxea galtzea eta izugarrizko zorrarekin gelditzea. Pertsona hauek jada ez dute eskubiderik demanda jartzeko», esplikatu du Legalkiko abokatuak.M.I.